Astigarragako establezimenduetan kontsumitzeko deskontu bonuen kanpaina abian, dagoeneko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 13a, 00:00

Astigarragako bonuen hirugarren kanpaina honetan, 32 establezimenduk hartuko dute parte: 8 merkataritzakoak dira, 14 ostalaritzakoak eta 10 zerbitzuetakoak. 

Hastera doa Astigarragako deskontu bonuen hirugarren kanpaina. Izan ere, bihartik abenduaren 31ra bitartean astigartarrek erosi ahal izango dituzte herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu-establezimenduetan kontsumitzeko bonuak. Oraingo honetan, %25eko deskontua izango dute bonuak, alegia: «%75 ordainduko dute herritarrak» ziurtatu du Udalak, Astikorekin batera. 

Kanpaina Astiko elkarteak eta Astigarragako Udalak antolatu dute eta aipatutako deskontu bonu hauek, Astikoren webgunean aurkitu daitezke: astiko.eus. Hala ere, aurten bonuak erabiltzeko epea luzeagoa izango da: 2022ko otsailaren 28ra arte hartuko dituzte establezimenduek. 

Astigarragako bonuen hirugarren kanpaina honetan 32 establezimenduk parte hartuko dute: 8 merkataritzakoak dira, 14 ostalaritzakoak eta 10 zerbitzuetakoak. 

Pasa den urteetako edizioetan bezalaxe, lau bonu mota izango dira aukeran: 10, 20, 50 eta 100 eurokoak, hain zuzen ere. «Establezimendu bakoitzak erabaki du zein bonu-mota eskaintzen dituen» eman dute aditzera antolatzaileek. 

«Covid-19ak sortutako kalteei aurre egiteko sortutako kanpaina»
2020ko itxialdiaren ondoren, Covid-19ak sortutako kalte ekonomikoei aurre egiteko sortu zuen deskontu bonuen kanpaina Astigarragako Udalak. 2020an bi edizio izan ziren, eta «herrian izandako arrakasta ikusita, hirugarren bat egitea proposatu genion Astiko elkarteari» dio Udalak. 

Erakundearen eta elkartearen artean adostuta, Astiko elkarteak kudeatu du hirugarren edizioa hau, eta horretarako Udalak dirulaguntza gehigarria eman diola jakinarazi du.

Beraz, gogoratu bihartik aurrera dagoela aukera deskontu bonuak erosi ahal izateko, eta abenduaren 31n amaitzen dela epea. Hemen eskuratu daitezke bonuak: astiko.eus. 2022ko otsailaren 28ra arte erabili daitezke bonuak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!