Gabonetako kontzertu bereziak egingo die bidea, datorren asteko musika eskolako entzunaldiei

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 10a, 00:00

Datorren asteartean izango da haizezko instrumentuen entzunaldia.

Igandean eskainiko dute kontzertua, Norberto Almandoz Musika Eskolako ikasleek eta Aiztondo abesbatzak, 12:30etan Erriberan. Datorren astean, entzunaldiak izango dira musika eskolan, hilaren 14an, 17an eta 18an.

Gabonei ongietorri beroa emateko, mu­sikaz beteko ditu datozen egunak, Norberto Almandoz musika eskolak. Eta aurreneko hitzordua, denetan bereziena, igande honetarako jarri du, Aiztondo abesbatzarekin batera: Ga­bonetako kontzertua eskainiko dute, eguerdiko 12:30etan Erri­berako areto nagusian, musika eskolako ikasleek, Aiztondoko abeslariekin batera.

Bertan, parte hartuko dute musika eskolako haizezko instrumentuen joleek eta taldeek, abesbatzek, eta bi solistak.

Parte hartuko duten ikasleen senideentzat, bi sarrera gorde ditu musika eskolak; eta gainerako sarrerak mugatuak izango dira. Doakoa da, baina aldez aurretik egin behar da erreserba, sarrera gutxi izango baitira. Horretarako, musika eskolara jo edo deitu (943 55 73 40).

Ikasleen entzunaldiak, datorren astean: haizezko instrumentuak eta pianoa

Gabonetako kontzertuari, beste hiru saiok emango diote segida, datorren astean, aste berezia borobiltzeko. Izan ere, ikasleen entzunaldiak izango dira musika eskolan, abenduaren 14an, 17an eta 18an.

Asteartean, haizezko instru­mentuen ikasleek eskainiko du­te entzunaldia: tronpeta, bonbardinoa, saxofoia, klarinetea, zeharkako txirula eta txistua izango dira entzungai. Arratsaldeko 18:00etan izango da.

Ostiralean, berriz, pianoko ikasleek bi entzunaldi eskainiko dituzte, arratsaldeko 17:30etan eta 19:00etan. Eta pianoa izango da protagonista larunbatean ere, entzunaldiei bukaera emateko. Eguerdiko 12:30etan izango da azkeneko hori. Mugatua da aforoa, entzunaldietarako ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!