Astigarragaren Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusten ari da Astigarragako Udala. Prozesu horretan erabaki garrantzitsuak hartuko ditu Astigarragaren hurrengo 10-15 urteetarako.
Hori horrela, Astigarragako Udalak azaroan zehar egin ziren saioetan diagnostikoa osatu zuen, eta orain, «etorkizuneko Astigarraga marrazten hasteko unea» dela azpimarratu du.
Horretarako, udalak galdetegi bat prestatu du, herritarren iritzia jasotzeko. Galdetegian hainbat galdera agertzen ziren, hala nola, udal ekipamenduak, etxebizitza kopurua, eremu industriala, azpiegitura, errepide eta komunikazioak, berdeguneak eta eremu urbanizaezinak...
Galdetegia paperean eta online
Galdetegia Astigarragako etxebizitza guztien postontzietan banatu zen, pasa den ostiralean, alegia, abenduaren 3an. Bete eta honako leku hauetan jarri diren postontzietan utzi behar dira: Astigarragako udaletxean, kiroldegian, kultur etxe zaharrean eta Erriberan.
Galdetegia online ere bete daiteke esteka honetan sartuta: https://labur.eus/14F5J. Galdetegia guztira 33 galderez osatuta dago, eta abenduaren 19ra arte dago hau betetzeko aukera. Amaitzeko, Astigarragako Udalak herritarrak parte hartzera gonbidatu nahi izan ditu; «Anima zaitez eta parte hartu Astigarragarako etorkizuna marrazten!».