Joan den asteazkenean, Astigarragako aparkaleku seguru eta zaindua irekitzearekin batera, Astigarraga-Oiartzun Garraio Zentro Integrala guztiz operatibo dagoen errealitate bihurtu da, Europa barneko E-70, AP-8/AP-1 ardatzetik Gipuzkoa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten milaka garraiolarien zerbitzura. Hori horrela, Markel Olano diputatu nagusia eta Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua instalazioak ikusten egon ziren asteazkenean.
Diputatu nagusiak adierazi zuen Gipuzkoa lurralde giltzarria dela «Europako kontinentearen eta Penintsularen arteko konexio logistikorako». Garraio Zentro Integrala irekiz, gainera, helburua da ardatz atlantikoko garraio azpiegitura hobetzen eta zaintzen laguntzea, aparkaleku eremu seguruak, babestuak eta garraio sistema adimendunekin (ITS) lotuak eskainiz. Gainera, hauxe azaldu zuten: «pandemiak sortutako krisi ekonomikoaren aurrean inbertsioak eta jarduera ekonomikoa sustatzeko Ekonomia Indartuz planaren esparruan gauzatutako proiektuetako bat da».
Diputatuak adierazi zuen garraioaren sektorea laguntzeko inbertsioa dela eta pandemian egiaztatu dela honen garrantzia: «instalazio hau garraiolarientzako zerbitzua da, erosotasunaren, segurtasunaren eta digitalizazioaren ikuspegitik». Horrela, hemendik aurrera, aparkaleku eremu egokiak eta seguruak izango dituzte, beraien beharrei erantzungo dieten zerbitzu eta atseden instalazio modernoekin konbinatuta; hala nola, jatetxeak, higienea eta konektibitatea.
Eremu berdea, garraiolariek erabiltzeko
Aparkalekuaz gain, aire zabalean aisialdia, ariketa fisikoa eta atsedena errazteko, Garraio Zentro Integralak zelai berde bat eta ariketa fisikoa egiteko elementu finkoak dituen eremu bat ere baditu, nahi duten garraiolariek ibiltzeko eta korrika egiteko.
Horrez gain, Astigarragako aparkalekua Frantziako norabidean doazen garraiolarien eskura ere egongo da: «mugatik 17 kilometroetara dago, eta autobidetik du sarbide zuzena eta esklusiboa».