2022ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zion Udalak, Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 00:00

Lehenengo aldiz 10 milioi euroko langa gainditu du; zehazki, 10.439.177 eurokoa izango da. 

Joan den asteartean izan zen Astigarragako azaroko Plenoa, eta 2022ko aurrekontuaren hasierako onarpena izan zen eguneko gai potoloena. Horixe bera ziurtatu zuen, hain justu, Xabier Urdangarin alkateak: «ziurrenik, gaurko gairik mamitsuena da hau». Azalpenak eta xehetasunak aurkeztu ostean, onarpena eman zioten 2022ko aurrekontuari: «Udalak lehendabiziko aldiz 10 milioi euroko langa gainditu du aurrekontuei dagokienez», zehaztu zuen Urdangarinek. Hain justu, kopuru totala 10.439.177 eurokoa izango da. 

Alokairu sozialerako bost etxebizitzen zozketa
Pleno garrantzitsua eta erabakigarria izan zen. Hain justu, denera, 10 gai jorratu zituzten, eta horien artean zegoen 2022ko aurrekontuena. Hasteko, urriaren 26ko akta aho batez onartu zuten, eta, jarraian, bi kreditu aldaketa onartu zituzten: batetik, alokairu sozialerako etxebizitza bat erosteko kreditu aldaketa (140.000 euroko kreditu aldaketa); eta, bestetik, Erribera kulturgunean eskailera osagarriak egiteko inbertsioetako partidara 32.000 euro gehitzekoa. 


Aurrekoarekin batera, hartutako beste erabakien artean izan zen alokairu sozialerako bost etxebizitzen zozketaren onarpena. Hain zuzen, Udalak laster argitaratuko du alokairu sozialerako bost etxebizitzen zozketa egiteko deialdia. Zehazki, Urumea Berriko azken etxebizitza blokean 3 etxebizitza eskuratu ditu Udalak, eta azaroko Tokiko Gobernu Batzarrean beste etxebizitza bat erosteko akordioa hartu zuen. Esanak esan, etxebizitza horien deialdia laster argitaratuko da eta eskabideak aurkezteko epea amaituko da urtarrilaren 31n.

10.439.177 euroko aurrekontua
Arratsaldeko laugarren gaia izan zen 2022ko aurrekontuen hasierako onarpena, EH Bilduren aldeko 7 botoekin eta EAJ-PNVren aurkako botoekin. Lehen aldiz, Udalak 10 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua onartu zen, iaz baino 1.317.343 euro gehiagokokoa: 2022ko aurrekontua 10.439.177,00 eurokoa izango da, %14 haundiagoa. 


Gastuen aurrekontuari dagokionez, aipatzekoa da pertsonalen gastuaren bueltan zehaztutakoa: 2022ko aurrekontuan aurreikusi dela udal-langileen lansarietan %2ko igoera izatea, 8 udaltzainek osatutako lantaldea  mantentzea eta betetzea, eta 2022an erretiroa hartuko duten 3 funtzionarioen kalte-ordaina egitea. Horrez gain, aurreikusi zen sortzea hezkuntza eta euskerako teknikariaren lanpostua (%50eko lanaldiarekin) eta Erribera kulturguneko atezain zein administrari laguntzaile lanpostua (%60ko lanaldiarekin). 


Horrez gain, «ia elkarte guztien» dirulaguntzak haundituko direla aipatu zuen Urdangarinek. 


Era berean, partaidetza prozesuak ere mintzagai izan zituzten Plenoan. Zehazki, datorren urterako hauexek egitea aurreikusi zuten: kultur etxe zaharraren erabilpenari buruzko partaidetza; terrazen ordenantza berrikusteko prozesuaren gainekoa; eta, azkenik, Zure esku partaidetza prozesua, «herritarrek erabaki dezaten 120.000 euro zertan inbertitu». 


Era berean, 2022rako inbertsio partidak ere onartu zituzten. Hala nola, Donostia ibilbidea hiritartzeko proiektua, Txalakan kokatutako brigadaren lokal berria egokitzekoa, Sagardo Plaza eta Emakumeon plazaren arteko tunela egokitzekoa. 


Horrekin batera, gaur egun martxan dauden beste inbertsioen berri ere eman zuten: «Haur Eskola berria, kanpoko jolastokia barne, otsailaren amaierarako amaituta egotea aurreikusten dugu; Arrobitxuloko igogailua eraikitzeko obrak bukatuta egongo dira martxorako edo apirilerako; Santiomendiko auzora igotzeko bideko bihurguneak hobetzeko obrak hasiko ditugu; komun publikoak jarriko ditugu Portutxon, Foru plazan eta Urumea Berrin; eta, amaitzeko, herriko 163 argi-puntu edo farola LEDera pasatzeko proiektua egingo dugu», adierazi zuen Urdangarinek.


2022ko zerga fiskalak izan ziren Plenoko bosgarren gaia.  Onartutako alegazioaren arabera, aurrerantzean, malgutu egingo dira seme-alaben zaintza partekatua duten etxejabeei bigarren etxebizitzarengatik kobratzen zaien errekarguaren baldintzak. 


Jarraian, Zarkumendegiko industrialdea garatzeko planari buruzko erabakiak hartu zituzten. Zehazki, hiritartze proiektuari aurkeztatutako alegazioak ebatzi, proiektuaren aldaketen eranskina onartu eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. «Bidea konplexua eta zaila ari da izaten, baina urrats garrantzitsuak eman ditugu udazkenean, eta aurrera goaz pixkanaka», aitortu zuen Urdangarinek. 

Mozioak eta adierazpenak
Amaitzeko, Euskararen Nazioarteko Egunaren gaineko adierazpena aho batez onartu zuen Plenoak. Horrez gain, amaitzeko, EH Bilduko udaltaldeak aurkeztutako mozioa onartu zuten, EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJ-PNVren desadostasunarekin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!