Sailkatuta jasotako hondakinen tasa %7 igo da eta ekonomikoki aurreikuspenik onenak gainditu dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 28a, 00:00

Poligonoetako hondakinak biltzeko zerbitzu berriaren balorazioa «oso ona da» eta guztira 498 enpresen hondakinak jasotzen dira.

Uztailaren 1ean jarri zen martxan Astigarragako industria eremuan hondakinak biltzeko zerbitzu berria Garbitaniaren bidez. «Emaitza oso ona izaten ari da», Udalaren hitzetan. Lehen lau hilabeteko datuek erakusten dute nabarmen hobetu dela sailkatuta jasotako hondakinen kopurua. Aurreko urteetako epealdi berean (uztailetik urrira) industria eremuko gaikako bilketa %80 inguru izan zen eta aurten, zerbitzu berriarekin, %87.


Zerbitzu berriak Astigarragako poligonoetako (Troia, Txalaka, Bidebitarte, Zamoka eta Ubarburu) lantegietako hondakinak biltzen ditu atez ate. Guztira 498 enpresen hondakinak jasotzen dira.


Poligonoetako bilketa zerbitzuan gaika jasotzen dira birzikla daitezkeen honako hondakin frakzioak: egurra, papera-kartoia, ontzi arinak, biohondakina, filma, porexpana (poliestireno hedatua / styrofoama) eta flejeak. Horrez gain, material ez birziklagarriak ere jasotzen dira, hala nola, hondakin inerteak eta errefusa.


Zerbitzu berriarekin, birziklatzera bideratuko den sailkatuta bildutako materiala %18 gehiago izan da lau hilabeteotan (urte osorako aurreikuspena 148.000 kilo gehiago izatea da). Horrekin batera, erraustegira eta zabortegira bideratu dena %39 jaitsi da lau hilabeteotan (urte osorako aurreikuspena 88.000 kilo gutxiago izatea da).


Ikuspegi ekonomikotik, zerbitzu berriaren bideragarritasun azterketan egindako aurreikuspen onenak gainditu dira eta gaika bildutako hondakinen salmentaren eta erabiltzaileek ordaintzen duten tasaren dirusarreren bidez osorik finantzatzea aurreikusten da.


Zerbitzu horri buruzko informazioa ikus hemen: https://www.astigarraga.eus/eu/poligonoetako-bilketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!