Santa Zezilia ospatzeko, kontzertua bihar

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00

Diana berezi batekin esnatuko da bihar Astigarraga, eta eguerdiko 13:00etan izango da kontzertua.

Bihar, Santa Zezilia eguna ospatzeko kontzertua eskainiko du Astigarragako Txirriskla txistulari taldeak. Adierazi dute iaz ezin izan zutela kontzerturik eskaini egoeragatik, eta ziurtatu dute «oso pozik eta gogotsu» daudela.

Bihar goizeko 09:30etan esnatuko dute Astigarraga diana berezi batekin, eta kontzertua eguerdiko 13:00etan izango da  Kontxa Etxeberria plazan; «entzuleak babestuago egongo dira bertan, euria egingo baitu».

Txirriskla txistulari taldeak Joxe Mari Iparragirreren doinu ezagunak joko ditu. Halaber, diote itxialdi garaian etxetik jo zituzten doinuak entzuteko aukera ere eskainiko dutela; «aspertzeko tarterik ez dugu izango».

Hasiera batean Emakumeon plazan eskaini behar zuten Santa Zezilia eguna ospatzeko kontzertua baina eguraldi kaxkarra dela eta «erabaki genuen Erribera kulturgunearen kanpoaldean dagoen gunean egitea, Kontxa Etxeberria plazan. Entzuleak babestuago egongo dira aterpean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!