Astiko elkarteak irudi eta webgune berriak aurkeztu ditu

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 00:00
Astiko elkartearen irudi korporatibo berriaren aurkezpena.

Aurreko irudia oinarri hartuta, irudia modernizatu du Astigarragako merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak. Aurrerantzean, 'www.astiko.eus' web-orriaren bidez elkartearen berri izango dute astigartarrek.

2008. urteko maiatzean, duela 13 urte, sortu zuten Astiko elkartea herriko hainbat merkatarik, ostalarik eta zerbitzu-emailek. Ordutik, asko aldatu da Astigarraga: herria haunditu da eta herri-merkataritzaren sektorean ere eragina izan du. Besteak beste, merkatari, ostalari eta zerbitzu-emaile berriak ere etorri dira; eta, ondorioz, Astiko elkarteak beste dimentsio bat hartu du, bazkide berriak erakarriz.

Testuinguru berri horretan, irudia berritzeko aukera baliatu du elkarteak, eta, bide batez, webgune berria ere sortu du: www.astiko.eus. Lan hori guztia Astigarragako Udalarekin egin dute, elkarlanean.

 

Astikoren ibilbideari, keinua

Astikoren irudi berria ez da hutsetik abiatu, aurrekoa oinarri hartuta modernizatu da: «aurreko irudiari, eta, beraz, Astikoren ibilbideari keinua egin nahi izan diogu», azaldu du Astiko elkartearen ordezkariak. Hain zuzen, elkarteko hiru adarrek  (merkataritzak, ostalaritzak eta zerbitzuek) hiru koloreen bitartez dute presentzia. Irudia modernizatzeko, koloreek aldaketa txiki bat izan dute; orain, saturatuagoak dira, eta logoaren forma ere sinplifikatu da.

 

Webgune berria Astikoko establezimenduen erakusleiho

Irudi korporatiboa berritzearekin batera, aipatu moduan, Astikoren lehen webgunea sortu da: www.astiko.eus. Elkartearen jardueraren berri emateaz gain, Astikoko establezimenduen erakusleiho izango da, eta astigartarren esku utziko dute: kide bakoitzak orrialde propioa du eta oinarrizko informazioa eskainiko du (ordutegia, mapa, harremanetarako datua, eta abar).

Gainera, Astigarragako Udalarekin adostuta, aurrerantzean, Astiko elkartearen webgunetik erosi ahal izango dira Astigarragako deskontu-bonuak.

Hain justu, hurrengo astean jarriko da martxan bonuen hirugarren edizioa: abenduaren 1etik 15era erosi ahal izango dira, eta urtarrilaren 31ra arte erabiliko dira.

Kasu honetan, ekimena Astigarragako establezimendu guztietara zabaldu da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!