Atzo jarri zen abian Udalak antolatutako Hondakinen Prebentziorako Astea On egin eta ondo egin! lelopean, eta datorren igandera arte luzatuko da, azaroaren 28ra arte. Azaldu dutenez, helburua da «jatetxeetan bezeroei aukera ematea platerean kontsumitu gabe geratu den soberakina etxera eramateko, elikagaien xahutzea murriztu eta horiek hobeto aprobetxatzeko asmoz».
Ekimen horren bidez, «eguneroko ohituretan» eragin nahi da eta, horrekin batera, ikusarazi «zaborretan bukatzen duten elikagaiak aprobetxatu daitezkeela». Horretarako, egunerokotasunean menuak eskaintzen dituzten herriko jatetxeetan ontziak banatuko dira, «bezeroek» platereko soberakinak etxera eraman ditzaten».
Platereko soberakinak, etxera
Egitasmoan parte hartuko dute, guztira, 12 jatetxek: Troya, Txingurri, Menditxo, Kako, Perurenako gasolindegia, Roxario, Goiko Itturi, Ibai-Lur, Beizama, Akelenea, Frantxilla, Amets.
Jatetxe horietakoren batean otordua bukatzean, platerean soberakinak baldin badaude, bezeroari etxera eramateko aukera eskainiko diote. Zehazki, Udalak banatutako tuperrean jarriko dizkiete elikagaiak.
Bestalde, aurten ere Hondakinen Prebentziorako Asteak dei egin die Europako erakunde guztiei «ingurumenaren alde egin eta ekimenarekin bat egin dezaten». Helarazi dutenez, horren guztiaren jomuga da «astebetez baliabide iraunkorrei eta hondakinen kudeaketari buruzko ekintzak sustatzea eta ezartzea, prebentzioaren, birziklapenaren eta berrerabilpenaren gainekoak, besteak beste».
Azkenik, ekimenaren berri eman duten ordezkariek azpimarratu dute elikagaiak xahutzearen aurkako lege-proposamen bat onartu berri dela, «kontsumitu gabe geratu eta zakarrontzian amaitzen duten elikagaien xahutzea murriztu eta horiek hobeto aprobetxatzeko».