30 urte bete ditu aurten Xaguxar Aisialdi Elkarteak. Horren haritik, ospakizun berezia prestatu nahi izan dute eta, horregatik, bi eguneko egitaraua aurkeztu diete herritarrei. Haurrentzat, gazteentzat zein helduentzat antolatu dituzte ekintzak, eta goizetik hasita arratsaldera arte izango da zeregina.
Larunbatean, umeentzako jolasak eta puzgarriak izango dira Foru plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Horrez gain, tripa betetzeko aukera ere izango dute herritarrek; izan ere, goizean pintxoak dastatuko dituzte eta arratsaldean, berriz, 18:00etan, txokolate-jatea izango da.
Igandean Xaguxarren historiari buruzko dokumentala proiektatuko dute. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute horretarako hitzordua, Erriberan.
Argazki-erakusketa, Erriberan
Astea borobil hasteko asmotan, argazki erakusketa jarriko dute Erriberan, bertaratu nahi duten herritar guztientzat. Ikusgai jarriko dituzte Xaguxarren historia biltzen duten argazkiak.