Azaroko kultur agendaren barruan, antzerki musikala izango da gaur arratsaldean, Erriberan. Benetan Be konpainiak Porno vs Afrodita emanaldia eskainiko du 20:00etan. Oholtza gainean arituko dira Patricia Urrutia, Ion Zumelaga eta Juanjo Otero.
Arratsaldeko txanda hori herritar guztientzat izango da, eta sarrerak salgai daude, dagoeneko, www.astigarraga.eus webgunean eta Erriberan (helduek 8 euro, adin txikikoek 4 euro). Leihatilan eskura daitezke ikuskizunaren aurretik edo, bestela, arratsaldeko beste edozein ordutan.
Eguerdian, aldiz, Arantzazuko Ama Ikastolako ikasleek dute hitzordua, 13:00etan. Irteera berezia egingo dute Erriberara, antzerkigintzan murgiltzeko eta obrak lantzen dituen gaietan sakontzeko. Izan ere, antzerkigileek diote gazteek ez dutela eskolan informazioa jasotzen eta, beraz, «interneten eta pornografian bilatzen dute». Hala ere, argi utzi dute «gazteei eta ez hain gazteei» zuzendutakoa dela, guztiek izango baitute, barre-algaren artean, ikasteko eta ikusteko zerbait.