Aparteko zita dute Astigarragako herritarrek ostiral honetan. Izan ere, Benetan Be konpainiak, Porno versus Afrodita antzerki musikala eskainiko du, Erribera kulturgunean.
Patricia Urrutia, Iona Zumelaga eta Juanjo Otero izango dira oholtza gainean, eta alderdi emozionalak zein afektiboak garrantzi haundia izango dute. Sexua, pornografia eta beste milaka tabu izango dira antzezlaneko protagonista. Ez dira faltako, barrea, mina, pasioa eta rock and rolla.
Bi saio eskainiko dira. Lehena, eguerdiko 13:00etan izango da, Arantzazuko Ama ikastetxeko ikasleentzat; eta, bigarrena, gaueko 20:00etan, bertaratu nahi duen guztiarentzat. Sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro, aldiz, txikientzat.
'Porno vs Afrodita'
Heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia da aurkeztuko dutena. Gainera, zuzeneko musikaz bustitzeko aukera izango dute astigartarrek.
«Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko umeen eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean. Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla».