Azaroko kultur agendaren barruan, Adierazpen Hizkuntzaren Arazo Espezifikoa (AHAE) erdigunean jarriko dute gaur, goizeko 11:15etan, Erriberan. Hizkuntzaren nahaste espezifikoa ere deitzen zaio, eta gaiari helduko diote gaurkoan, horretan adituak diren hainbat espezialistek: Alicia Solavera Sánchez Euskadiko AHAE Elkarteko presidenteak, eta Noemi Fariña Díaz psikologian doktoreak eta logopedak.
AHAEko kideek diote nahasmen hori «arazo larria eta iraunkorra» dela. «Lengoaiaren jabetzearen hasieratik agertzen da. Haurtzaroan eta nerabezaroan jarraipena izaten du, eta, ondoren, heldutasunean, arrastoak gelditzen dira. Zehazki, lengoaiaren funtzioekin lotutako arazoa da eta garaiz igartzen ez bada, desgaitasun larria sor dezake. Gainera, adin txikikoen artean ez da erraz antzematen. Ikusezintasun horren ondorioz, AHAE duten umeek arreta nahiko eta egokia ez jasotzeko arriskuan daude».
Helburuak zehaztu dituzte
Aipatutako guztiagatik, argi identifikatu dituzte helburuak AHAE Elkartekoek: gizarteari arazoaren berri ematea; Administrazio publikoari ikusaraztea arazo hori dagoela eta zailtasun haundiak dakartzala, nabariagoak diren beste ezintasun batzuen mailan; hezkuntza eta terapia eredu eraginkorragoak lortzea; prestakuntza hezitzaileentzat, osasun-langileentzat eta gurasoentzat; eta, azkenik, informazioa eta esperientzia elkar trukatuz elkarri laguntzea.