Intermezzo enpresak Opera Actual Saria, erakunde kategorian

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 6a, 00:00

Astigarragako Intermezzo enpresako kideak, Bartzelonako sari banaketan.

Joan den asteazkenean izan zen sari banaketa, eta astigartarrak izan ziren garaile aipatutako kategorian. 

Joan den asteazkenean izan zen, Bartzelonako Liceu Antzokiko Ispiluen Aretoan, Opera Actual aldizkariak antolatutako sari banaketa. Bertan izan zen Astigarragako Intermezzo enpresa, eta saria jaso zuen erakunde kategorian.

Opera Actual aldizkariak 2002an ekin zion sari horiek banatzeari, Espainian operaren sustapenean eta zabalkundean diharduten erakunde eta ibilbideak nabarmentzeko asmotan.    Ia 10 urteko ibilbide horretan, asko izan dira saritutako pertsona eta erakundeak: besteak beste, Montserrat Caballé, Teresa Berganza, Carlos Chausson, Rubén Fernández-Aguirre, Maite Alberola, Pablo Heras-Casado, eta ABAO Bilbao Opera, Oviedoko Opera, La fura dels Baus, Opera XXI, eta Madrilgo Errege Antzokia.

Intermezzok 17 urteko ibilbide etengabea egin du abesbatza liriko profesionalaren munduan. Hain justu, 2009az geroztik Madrilgo Errege Antzokiko abesbatza titularra kudeatzen du, urtez urte kritika bikainak jasoz bai komunikabideen aldetik, bai operaren mundutik. Besteak beste, Opera Awards sari ospetsuetan (lirikaren Oscarrak) munduko opera-abesbatza onenaren izendapena jaso zuen. Gainera, aurten hartu du Oviedo Operako Abesbatza titularra kudeatzeko ardura. Horrekin batera, enpresak errefortzu-abeslariak edo abesbatza osoak eskaintzen ditu espainiar antzoki edo jaialdi gehienetarako, eta parte hartu du Bordeleko Operako eta Omango Sultanerriko Royal Opera Houseko denboraldietan. Gainera, Intermezzoko abeslariek lan egin dute lirikaren munduko egungo figura garrantzitsuenetako askoren gidaritzapean.

 

Beste hiru saritu

Intermezzo enpresaz gain, beste hainbat taldek eta norbanakok ere jaso zuten sariak: Elina Garanca mezzosoprano letoniarrak, ibilbide internazionaleko artistaren kategorian; Xabier Anduaga tenore donostiarrak, etorkizun haundiko artista gazteen kategorian; eta, azkenik, Zarzuelako Antzokiak, Opera Actualeko 30garren urteurreneko sari bereziaren kategorian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!