Paperezko hegoak dokumentala eskainiko da gaur, 20:00etan, Erribera kulturgunean, Astigarragan. Euskaldunon Egunkariaren itxierari buruzkoa da eta 69 minutu irauten duen dokumental hau doakoa da. Euskaldunon Egunkariaren itxieratik 18 urte igaro dira.
Itxiera hura lehen pertsonan bizi izan zuten protagonisten testigantzak jasoko ditu dokumentalak, eta orain arte ezezagunak ziren datuak jartzen ditu mahai gainean. Tentazioa ekoiztetxearen eskutik, Josu Martinezek eta Samara Veltek zuzendutako lana da honakoa.
2003ko otsailaren 20an itxi zuten, Juan del Olmo epailearen aginduz, eta zuzendaritzako 10 lagun atxilotu zituzten, ETAri laguntzea leporatuta. Egunkariaren kontrako auzi judiziala hamaika urtez luzatu zen, eta atxilotu guztiak absolbitu eta auzi ekonomikoa artxibatu egin zuten epaitegiek.
«Nola da posible egunkari bat frogarik gabe ixtea?», galdera horri tiraka osatu dute dokumentala, Samara Veltek adierazi zuenez. Josu Martinezek berriz, iazko udan zendutako Joan Mari Torrealdai izan du gogoan estreinaldia aipatzean, hark ilusio haundia jarria zuelako proiektuan.
Egunkaria-ren historia ez da injustizia baten historia bakarrik. «Izugarrizko ilusioz, oso modu zabalean, arduraz eraikitako herri proiektu oso-oso indartsu bat» dela nabarmendu dute Paperezko Hegoak dokumentalaren egileek.