Astigarragako merkatariei zuzenduta, doako formazio saioak antolatu dituzte Udalak eta Astiko elkarteak, abendurako, informatikan eta sare sozialetan trebatzeko. Helburua izango da «Astigarragako establezimenduen lehiakortasuna haunditzea eta sektoreak berak adierazitako beharrei erantzuna ematea».
Lau saio izango dira, abenduaren 9an, 10ean, 15ean eta 17an; eta kultur etxe zaharrean egingo dituzte. Egun bakoitzean, bi txanda izango dira aukeran: aurrenekoa goizez, 09:00etatik 11:00etara; eta bigarrena arratsaldez, 14:30etatik 16:30etara. Bi saiotan edo gehiagotan parte hartzen duten merkatariek, gainera, aukera izango dute bi orduko tutoretza pertsonalizatua jasotzeko, beraien lokalean.
Aurreneko saioan, abenduaren 9an, oinarrizko informatika landuko dute: posta elektronikoa, artxiboak nola deskargatu eta bidali, mugikorra eguneratuta mantendu... Bigarrena, hilaren 10ekoa, Business Suite eta sare sozialetako iragarkiei buruzkoa izango da. Google My Business landuko dute hirugarrenean, abenduaren 15ean, Google bilatzailean saltoki bezala ondo posizionatzeko gakoak ikasteko. Eta WhatsApp Business izango dute hizpide azkenekoan, hilaren 17an: WhatsApp aplikazioa modu profesionalean erabiltzeko aukerak.
Saioetan parte hartzeko izenematea, azaroak 12 arte
Formazio saioetan parte hartu dezakete, interesa duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimendu guztiek. Baina horretarako, izena eman beharko dute aldez aurretik, emailez, enplegua@astigarraga.eus helbidera idatzita. Mezua bidaltzean, zehaztu behar da zein saiotan eta zein ordutegitan hartu nahi den parte. Azaroaren 12ra arte dago horretarako epea.