Datozen asteotan hasiko dute ikasturte berria, Astigarragan, AEK euskaltegiaren Mintzalagun eta Zilegi Eskola egitasmoek. Eta biak aurkezteko, gaur eta bihar jarri dute hitzordua: kultur etxe zaharrean izango da, gaur arratsaldeko 18:30etan, eta bihar goizeko 10:00etan. Horietan, bi egitasmo praktikoei buruzko informazioa helaraziko diete AEKko kideek, herritarrei.
Azaroaren 11n izango du arreneko saioa, Mintzalagun egitasmoak: Ikatza tabernan elkartuko dira, 18:00etan. Astean behin izango dira saioak, eta mintzataldean elkartuta, patxadaz hitz egiteko aukera izango dute, euskera praktikatu nahi dutenek. Eta jarduera bereziak ere izango dituzte, ikasturtean zehar: Gurasolagun egitasmoko tailerrak, hitzaldiak, txangoak, irakurzale klubak... Gurasolagun egitasmoan ere, dagoeneko jarri dute aurreneko hitzordua: azaroaren 16an izango da, arratsaldeko 16:30etan, Herri Eskolako jangela txikian.
Horietan partehartzea doakoa da, eta zabalik dago izenematea: 607 610 687 telefonora deituta, euskaltegira hurbilduta, edo emanizena.praktikatu.eus webgunean sartuta. Jakinarazi dute, gainera, deskontuak zein opariak izango dituztela partehartzaileek, eta hilero zozketatuko dituztela 10 sari-kutxa, izena ematen dutenen artean.
Zilegi Eskolak, berriz, azaroaren 18an izango du aurreneko zita. Mikologia saioa eskainiko du Igor Garmendiak: perretxikoak eta onddoak nola hartu, nola garbitu, perretxiko motak zein diren ikasi, bakoitza zein ingurunetan ateratzen den ezagutu... Bi txandatan egingo dute, 09:30etan eta 18:00etan, AEKn bertan.