Astearteko 19:00etan eman zitzaion hasiera Astigarragako plenoari, eta Mugi plataformako herritar ugari bertaratu ziren pleno aretora. Gai zerrendaren ordena aldatzeko proposamena bota zuen Xabier Urdangarinek, «Mugi plataformari lehentasuna emateko», eta onartutzat gelditu zen.
Hori horrela, plenoa Mugi plataformak aurkeztutako mozioarekin hasi zen, ondorengo mozioa aurkeztuz: «BU12 eta BU13 linea ezberdinak dira, funtzio eta erabiltzaile desberdinekin. Irailaren 13az geroztik, Foru Aldundiak ezarritako ordutegi eta maiztasunak ez dira nahikoak». Hori kontuan izanik, Mugi plataformak honako eskaera luzatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari: lehenik, BU12 linearen ibilbidea eta maiztasuna lehengoratzea; BU13 linea 15 minutuko maiztasunera igotzea; Astigarraga Donostiarekin eta Buruntzaldearekin lotzeko lineak aztertzeko eta epea laburrera ezartzeko; eta, azkenik, zerbitzuetan izandako gorabeherak jaso eta egin beharreko moldaketei eta aldaketei berehalakoan erantzuteko.
Behin mozioa aurkeztuta, bozketa egin eta «aho batez» onartutzat eman zen. Astigarragako alderdi jeltzaleak azaldu nahi izan zuen erabat ados zegoela Mugi plataformak aurkeztutakoarekin; «guk beti egin dugu garraio publikoaren alde; beraz, aldeko bozka emango dugu». Horren atzetik, Urdangarin alkateak hauxe gehitu zuen: «Udal Gobernuaren aldetik eta EH Bilduren aldetik baiezko botoa emango dugu. Gainera, uste dut alderdi politikoek bat egin behar dugula gai honetan, denok egin behar dugu esfortzua, autobus zerbitzua hobetu dadin».
Ondoren, 2021eko irailaren 28ko akta onartutzat eman zen. Horrez gain, bi kreditu aldaketa onartu ziren astearteko plenoan. Batetik, 208.500 euroko kreditu transferentzia, hainbat partida osatzeko, hala nola, posta gastuak, hiri hondakinen bilketa, haurreskolaren kanpoko jolastokia, Foru plazako megafonia sistema, etxez etxeko laguntza, komun publikoak, Txomiñene pilotalekuko teilatuko lan osagarriak...). Bestetik, kreditu gehigarrien espedientea onartu zen, besteak beste, «Astigarraga Lantzeni ekarpena egiteko».
Hiru kontratu gauzatzeko lehiaketak egitea ere onartutzat eman zen. Batetik, Portutxo auzoko komun publikoak egiteko lehiaketa. Kontratu horren lizitazio prezioa 105.428,17 eurokoa da (BEZ barne) eta lanak egiteko epea 4 hilabetekoa izango dela azaldu zuen Urdangarin alkateak. Bestetik, Foru plazan komun publikoak egiteko lehiaketa. Lizitazio prezioa 95.411,88 eurokoa da (BEZ barne) eta lanak egiteko epea 4 hilabetekoa. Eta, azkenik, Santio Zeharrako 1. eta 3. bihurguneak egokitzeko obrak egiteko lehiaketa. Azaldu zutenez, obra horien helburua izango da «Santiomendiko auzora doan bidearen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea». Kontratu horren lizitazio prezioa 166.392,39 eurokoa da (BEZ barne) eta lanak egiteko epea 6 hilabetekoa.
Jarraian, Sagardoetxearen etorkizunari buruzko herri-galdeketaren deialdirako eta antolakuntzarako irizpideei buruz jardun zuten. Akordio proposamena eraman zen plenora, alegia; «herri galdeketa egin ahal izateko, antolakuntza aldetik hainbat erabaki eta irizpide onartu behar dira». Horiek azaldu ostean, bozketa egin eta aho batez onartu zen.
2022 urterako auto taxi zerbitzuaren tarifen berri eman zuen jarraian Xabier Urdangarin alkateak; «proposamena da 2022rako taxi tarifak %2,9a igotzea». 2021ean bizitako osasun alarma kontutan izanik, taxiek ez zuten tarifa igo; eta, datorren urterako, igoera eskatu dute. Plenoan baiezko botoak egon ziren eta, beraz, akordioa onartutzat eman zen.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren elkarlana arautzen duen hitzarmenari buruz ere hitz egin zen plenoan. «Hitzarmen honen helburua da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza eta elkarlaneko moduak eta prozedurak arautzea, lurraldean erabil daitezkeen polizia-baliabideak optimizatzeko eta herritarren segurtasun publikoaren beharrei zerbitzu hobea emateko». Hitzarmenaren nondik norakoak azaldu ostean, ontzat eman zen «aho batez», eta onartutzat gelditu zen.
Gainontzeko mozioak ere onartu egin ziren. Alde batetik, Añarbeko Urak aurkeztutako mozioa, Añarbeko Beheko Kanalaren Alternatibaren obren egoerari buruzka. Aho batez onartu zen, EH Bilduko eta EAJ/PNVko zinegotzien botoekin.
Beste alde batetik, Adierazpen instituzionala, azaroak 25, emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko egunaren bueltako mozioa. Aho batez onartu zen, EH Bilduko eta EAJ/PNVko zinegotzien botoekin.
Horrekin batera, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartzeko neurrien gaineko mozioa. EH Bilduko 7 botoekin onartu zen. EAJ/PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren. Eta, azkenik, migraziorako euskal itun sozialaren gainekoa. Aho batez onartu zen, EH Bilduko eta EAJ/PNVko zinegotzien botoekin.
Informazioa, galdera eta eskariak
Udalak urriaren 26an aurkeztutako Txiokaria, Astigarragako Udal aldizkariaren gaia mahai gainean jarri zuten, eta, horrez gain, plan orokorra berrikusteko prozesuari buruz ere jardun zuen, besteak beste.