Astigarragako Udalak Txiokaria udal aldizkaria sortu berri du eta atzo aukeztu zuten udaletxean. «Pandemia dela eta, urtebeteko atzerapenarekin argitaratu da lehenengo alea, baina helburuak indarrean jarraitzen du», adierazi zuen Xabier Urdangarin alkateak aurkezpenean. Helburua «astigartarrak informatuta mantentzea Udalak egin dituen eta egingo dituen ekintzen inguruan».
Lau hilean behin argitaratuko da, «urrian, otsailean eta ekainean. Astigartarren partehartzean oinarritutako udalgintza eta herrigintzan sinisten du Udalak, eta parte hartzeko lehendabizi informazioa eduki behar da udalak egiten dituen ekintzen berri», azpimarratu zuen alkateak.
Horrez gain, nabarmendu zituen aldizkariak dituen beste eginkizunak. «Alabaina, informazio digitalaren emari izugarri haundia da eta argitaratu ahala zaharkituta geratzen dira sare sozialetako txio eta post asko. Gainera, ezin da ahaztu badaudela informazio digitala iristen ez zaien herritarrak, hutsune bat dago hor, eta hori osatzeko ere bada Txiokaria».
Egin diren eta egingo diren proiektuen berri emango da
Aldizkariak Udalak azken hilabeteetan egin duena eta hurrengo asteetan egingo duena laburbilduko du, «herritarrek patxadaz irakurri eta Udalaren jardunaren irudi osoagoa eduki dezaten»
Aldizkaria irakurterraza da, informazio zehatza arin ematen duena. Euskerak du lehentasuna, baina eduki guztien laburpenak gaztelaniaz ere aurkitu daitezke. Lau hilean behin argitaratuko da: urrian, otsailean eta ekainean. Guztira 3.500 ale argitaratu eta banatuko dira. «Banatzen ari gara dagoeneko», esan zuen Xabier Urdangarinek.
Astigartar guztiei dago zuzendua eta, horrexegatik, herritar orok bere postontzian izango du eskuragarri. Horrez gain, Udal eraikinetan ere eskura egongo da aldizkaria, baita online ere. «Udalak egin duenaren lana bertan ikusi daiteke. Azken orrialdean egingo denaren agenda dago eta herritarrei egindako elkarrizketa ere egongo da».