Astigarragako alkateak, Xabier Urdangarinek, Batzar Nagusietan autobus zerbitzuaren inguruan izan zuen bilera pasa den astean. Mugi Astigarraga plataformako bi kide agerraldian izan ziren gonbidatu gisa. «Hori izan zen Batzar Nagusietara hurbiltzeko lehen urratsa, baina ez da azkena izango. Izan ere, Mugi Astigarraga plataformak ere eskatua du agerraldia, kasu honetan Eskaeretarako eta Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean. Bertara eramango du astigartarron eskaera nagusia: autobus zerbitzu publiko duina».
Horren aurretik, ordea, mozioa aurkeztu du plataformak Astigarragako Udalean, gaur Astigarragako udaletxean egingo den osoko bilkuran, 19:00etatik aurrera, bozka dadin.
Hauxe da, mozioaren testua: «BU12 eta BU13 lineak bi zerbitzu desberdin dira, funtzio eta erabiltzaile desberdinak dituztenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak irailaren 13az geroztik ezarritako ordutegi eta maiztasunak ez dira nahikoa paper gainean idatzita dauden moduan, eta gainera, ordutegi eta maiztasun horiek ez dira behar bezala betetzen ari».
«Gipuzkoako Foru Aldundiari Udalbatzak bere eta plataformaren izenean aho batez eskatzea honakoak: BU12 autobusaren ibilbidea (geltokiak) eta maiztasuna lehengoratzeko».
«BU13 linea 15 minutuko maiztasunera igarotzeko eta, bidaiari gehieneko orduetan, errefortzuak edo autobus bikoitzak bermatzeko».
«Astigarraga Buruntzaldearekin eta Donostiarekin (ospitaleak eta unibertsitatea) lotzeko beste linea aukera batzuk aztertzeko eta epe laburrera ezartzeko».
«Zerbitzuetan izandako gorabeherak jaso eta egin beharreko moldaketa eta aldaketei berehalakoan erantzuteko.»
Mugi Astigarraga plataformak astigartarrei egiten die dei osoko bilkura horretara ager daitezen