Tratu Onen Plana abiatuko eta mantenduko dute Emakumeon Etxean, Arremanitzen laguntzarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 25a, 00:00

Hainbat saio antolatu dituzte aurtengo urritik hasita, datorren urteko maiatzera arte. Ostegunetan izango dira, 17:30etatik 19:30etara.

Arremanitzek gidatuta, Tratu Onen Plana «abiatuko eta mantenduko» dute Emakumeon Etxeko kideek. Horretarako, Udalak eta Emakumeon Etxeak berak antolatutako saioak izango dira aurtengo urritik hasita, datorren urteko maiatzera arte.

Lehenengo saioa ostegun honetan izango da, eta, gainerako guztien antzera, bi orduko iraupena izango du, 17:30etatik 19:30etara. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea. Horretarako, idatzi mezua helbide elektroniko honetara: emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com.

Saio guztietan, edukiak landu eta dinamikak egingo dituzte. Taldeak bere antolakuntzarako beharko dituen ohiturak ezarriko ditu dinamizatzaileen laguntzarekin, bakoitzaren nahiei eta beharrei arreta jarriz eta taldearekiko begirunean oinarrituz. Hala nola, saioetan ezer esan gabe egoteko aukera izatea, etzanda egotea, hizkuntza beharrei erantzutea, eta abar.

 

Beharren lorategia

Antolatzaileek aurreratu dutenez, saio guztien erreminta nagusia izango da Beharren lorategia. Hain justu, horren laguntzarekin, topaketetan hainbat adar landuko dituzte: gorputzaren beharrak, jolasteko beharra, seguru sentitzekoa, ni neu izatekoa, hartu emanean oreka bilatzekoa, eta beste hainbeste. Horrekin batera, eduki horietan gehiago sakontzeko, hainbat dinamika egingo dituzte: elkar-entzutea, artelanak, bisualizazioak, musika, eta abar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!