Herritarren parte-hartzea eskatu du Udalak, zaintzaren egoera eta baliabideak aztertzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 24a, 00:00

Astigartarrak Santiomendin. Argazkia: Popi

Udaleko berdintasun sailak herriko zaintzaren egoera eta baliabideen egokitasuna ezagutu nahi ditu, eta parte hartzera animatu ditu adin txikikoak, dependentzia duten pertsonak eta helduak zaintzen dituzten herritarrak.

Udalak herriko zaintzaren egoera eta baliabideen egokitasuna ezagutu nahi ditu. Horretarako, Emagin Elkarteak egindako diagnostiko batetik hasi du ibilbidea. Hain justu, Emaginek 2020. urtean, Beterri Buruntzaldeako zaintza erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena egin zuen. Horren haritik, diagnostikoak hainbat ondorio atera zituen: besteak beste, zaintza eremua guztiz feminizatuta dagoela, etxeko eta zaintzako lanen banaketan genero rolek eragina izaten jarraitzen dutela, edota pertsona helduen edo dependentzia dutenen zaintzan lan egiten duten pertsonen lan eta bizi baldintzak «bidegabeak» direla.

Hori kontuan izanik, Astigarragako egoera ezagutzeko asmoz, Udaleko Berdintasun sailak diagnostiko berria egingo du. Horregatik, prozesu horretan parte hartzera animatu ditu adin txikikoak, dependentzia duten pertsonak edota helduak zaintzen dituzten herritarrak, izan zaintza profesionalak edo familiakoak.

 

Parte hartzeko bideak

Herritarrek hiru modutara parte hartzeko aukera izango dute: galdetegia erantzunez (online,  Udalaren webgunean edo, paperean, zerbitzu publikoetako eraikinetan galdetegia eskuratuta); herritarrentzat saio irekietan parte hartuta (azaroaren 4an eta 11n 18:00etatik 19:30etara Erriberan); edo, bestela, zuzeneko elkarrizketa eginda.

Azken bidea aukeratzekotan, elkarrizketa egiteko edo saio irekietan parte hartzeko interesa izanez gero, berdintasun sailarekin jarri behar da harremanetan berdintasuna@astigarraga.eus helbidean edo 943 50 57 01 zenbakian.

Aipatutakoarekin batera, Udalak bere langileen kontziliaziorako dituen neurrien balorazioa ere egingo du. Horretarako, langileen iritzia jasoko du euren egoeraren eta Udalak eskaintzen dizkien baliabideen bueltan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!