Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lurraldebusek joan den uztailaren 1ean, Buruntzaldeko herrietan, autobus zerbitzu berria jarri zuten, eta tartean Astigarragan. Udalak dio, «gorabehera haundiak» izan zirela lehenengo astetan, hala nola, ordutegi atzerapenak, maiztasunean eta geltoki kopuruan murrizketak...Hori horrela, Udalaren eta herritarren kexa eta erreklamazioak asko eta askotarikoak izan dira. Horren ondotik, Foru Aldundiak irailaren 13an hainbat egokitzapen egin zituen.
Astigarragako Udalak, dagokionez, egungo egoera zein den azaldu du: «Linea bat hobetu da, BU13 linea, hain zuzen ere» 20 minutuko maiztasuna jarrita, %16ko igoera izan du. Baina larunbat eta igandetan murrizketak egon dira; %4 eta %13koa. Iraila eta urrian zehar, hainbat arazo egon direla ere jakinarazi du Udalak, «ordutegi atzerapenekin dabiltza autobusak, bereziki lehenengo orduetan».
BU12, Donostiako auzoetatik doan linearekin berriz, oso kezkatuta agertu da Udala; «murrizketa erabatekoa delako, maiztasunean eta geltoki kopuruan: murrizketa %20koa da bidaia kopuruan, astegunetan %11ko murrizketa, larunbatetan %40koa eta igande eta jai egunetan %48koa». Guzti honi, Udalak gehitu dio geltokien murrizketa: Astigarragan erdiguneko geltoki guztiak kendu ditu Foru Aldundiak; baina ez hori bakarrik, linean zehar Donostiako noranzkoan 8 geltoki kendu dira; «Zer dela eta kendu dira geltoki hauek?» galdetu du Udalak.
Beste puntu bat ere azpimarratu nahi izan du Urdangarinek; «Astigarraga da Buruntzaldeko herri bakarra ospitaletara eta unibertsitatetara garraio publiko zuzenik ez duena».
Foru Aldundiaren erantzuna
Alkateak azaldu du, Foru Aldundiak jakinarazi duela, bi lineek elkar osatzen dutela eta bien artean zerbitzua hobetu egin dela. Honi erreklamatuz; Udalak honakoa gaineratu du: «bi linea dira, behar ezberdinei erantzuten dietenak. BU12a behar dutenentzat berdin da beste linearekin zer gertatzen den. Izan ere, Martutenera, Txominera, Loiolara edo Erribera auzora lanera joan behar dutenentzat berdina da BU13a 20 minuturo den edo 10 minuturo den. Ez du zerikusirik».
BU12 lineak geltokiak murriztu ditu, eta astigartarrek hau pairatzen dute, «linea horren kapilaritate, eskuragarritasun eta eraginkortasunak erabateko galera izan du». Alternatibak badaudela dio Udalak, hala nola, Mugikortasun Planean DBusean bi linea luzatzeko alternatiba; «Martuteneko 26.linea eta Antigua-Aiete-Ospitaleko 35. linea Astigarragara luzatzea.
Pasa den asteazkenean, Xabier Urdangarinek, Astigarragako Mugi plataformako bi kiderekin batera agerraldia egin zuten, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Astigarragako garraio publikoaren egoerari buruzko azalpenak eman eta Foru Aldundiari hainbat eskaera egiteko.
Honakoa da hain justu, Astigarragako Udalak eskatzen duena da, Astigarragako hiri arteko autobusaren garraio publikoko zerbitzuari baliabide gehiago eskatzea. BU13 linean behar diren errefortzuak ziurtatzeko, bereziki astegunetan lehenengo orduan Donostiara joateko eta eguerdian Astigarragara itzultzeko. BU12 linea behar den bezala jartzeko, hau da, maiztasuna ordu erdiro eta geltoki guztiak berreskuratuta. Azkenik, Astigarraga ospitaleekin, unibertsitateekin eta Donostiako ekialdearekin zuzenean lotuko duen autobus zerbitzu publikoa jartzeko eskaera ere luzatu dute; «Udalak proposatutako alternatiben haritik edota hiriarteko linea berria jarriz».
Hainbat datu, Astigarragako biztanleriari buruz
2014an, 5.535 biztanlek osatzen zuten Astigarraga, eta 2021ean berriz, 7.378 biztanlek. %33ko hazkundea izan du. Jaiotza tasa Gipuzkoakoaren bikoitza izan da Astigarragan, eta biztanleria gazteari dagokionez, 12 eta 22 urte bitarteko 682 daude ; «kanpora mugitu behar dutenak dira gainera, unibertsitatera, institutura, edo goi mailako gradu bat egitera doazenak dira, eta beharrezkoa dute autobus zerbitzua».
Momentu honetan, Foru Aldundiak bilera batera deitu zain dago Astigarragako Udala: «urri erdia pasa da dagoeneko eta ez dugu bilera deirik jaso. Baina zain gaude eta ez dugu hau horrela utziko».