«Zipotza diruz laguntzeko eta herriko musika taldeei indarra emateko antolatu ditugu kontzertuak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Gaurkoan, Gazte Asanbladak egingo du keinua Zipotzaren alde.

Arratsaldeko 19:00etan emango zaie hasiera kontzertuei, Emakumeon Plazan. Arratsaldean bi taldek joko dute, eta Zipotzan afaria eskaini ostean, beste hiru taldek hartuko dute lekukoa. Eszenatoki ondoan «eltxetxoa» jarriko du Gazte Asanbladak, eta beste bat Zipotzako barran  

Gaur arratsaldetik hasita, gauera bitartean, Zipotza ekonomikoki laguntzeko, hainbat kontzertu antolatu ditu Astigarragako Gazte Asanbladak Emakumeon Plazan. Eta hau ez da izango arrazoi bakarra, izan ere, Gazte Asanbladak, herriko taldeei indarra emate aldera, oholtza gainera igotzeko parada eskaini die, eta sekulako eguna ospatuko dute gaurkoan, Zipotza eta gazteak erdigunean jarriz.

Helburu nagusia Zipotza ekonomikoki laguntzea den arren, «herriko taldeen bisibilitateari ere garrantzia eman nahi diegu. Oso garrantzitsua da, herri honetan ez baitauzkagu lokalak ensaiatzeko, eta ez daukagu baliabide askorik. Beraz aukera eman nahi diegu herriko taldeei, herrian jotzeko, eta herritarrek gozatzeko. Ikusteko herri honetan ere badagoela jendea, badaudela gazteak, eta egiten direla gauzak helburu eta arrazoi batzuk betetzeko».

Gaur arratsaldeko 19:00etan emango zaie hasiera kontzertuei, eta oholtza gainera igoko diren lehenak: Zuloko Eiders ta Garou taldea izango da. Hauek amaitzen dutenean, 19:45 inguruan, Fikzio taldeak hartuko du lekukoa, eta arratsaldeko azken kontzertua eskainiko dute. Afaltzeko tartea egongo da, 20:00etatik 22:30ak arte, eta Zipotzan, ogitartekoak  jateko parada izango dute astigartarrek. Behin sabelak beteta,  22:30ak inguruan, Northcousin taldea hasiko da gaua girotzen, eta jarraian Yakolev42 taldeak joko du, erritmo biziz. Azken kontzertua KDP taldeak eskainiko du, gaueko 00:00etan hasita.

Gazte Asanbladak, aipatu du mugarik gabeko ekitaldia izango dela; «hau dena antolatu genuenean gainera, neurriak ez zeuden argi. Hor eduki genuen kaosa, nola egingo dugu? Eserita, sarrerak… Baina duela bi aste erabaki zen alarma egoera kendu eta neurriak bertan behera gelditzea, eta kontzertuak bere osotasunean egitea erabaki genuen, guretzat ere lan karga gutxiago. Ez bazen hala erabaki, egon beharko genuen edukiera kontrolatzen, sarreren kontuarekin, musukoaren erabilera…

Hala ere, Gazte Asanbladak dio, Astigarraga denon artean zaindu behar dela: «iruditzen zaigu elkar zaindu behar dugula, herria zaindu behar dugula… Denon artean elkar zaindu, herria zaindu eta zentzuarekin egingo ditugu gauzak. Hori da gure asmoa. Gainera aurrera begira, gauzak egiteko gogoarekin gaude, ekitaldiak antolatu, elkarretaratzeak… ».

Gaurko kontzertuetara bertaratzeko ez da sarrerarik behar, baina Zipotza ekonomikoki laguntzeko ekitaldia denez, «eltsetsuak» jarriko ditu Gazte Asanbladak eszenatoki ondoan, eta Zipotzako barran: donazioak ongi etorriak izango dira, Zipotza diruz laguntzeko ekimena baita, beraz jendea animatu nahi dugu, kontzertuez gozatu eta Zipotza laguntzera».

 

Ideia, errotik

Gaurko kontzertu eguna, duela pare bat hilabeteko kontua izan dela diote Astigarragako Gazte Asanbladako kideek, Zipotza kanpoan lagunekin izaten diren elkarrizketak, askorako ematen baitute: «ideia bat batean etorri zen, Yakolev42 taldeko abeslaria, astigartarra da, eta aipatu zigun, kontzertu bat nahi zuela eman, taldearekin. Zipotzan geundela atera zen ideia, duela hilabete edo bi hilabete. Hor pentsatu genuen, Astigarragako Gazte Asanbladak ekitaldiak edo elkarretaratzeak antolatzeko aitzakia aprobetxatuz,  aukera polita zela. Azkenean aukera zegoen, bideragarria zen, baliabideak bazeuden eta aurrera egitea erabaki genuen, eta esan genuen, goazen Gazte Asanbladatik bultzatzera zeure ideia. Hor proiektuari bueltak ematen hasi, eta ezin genituen kontzertu batzuk antolatu arrazoirik gabe, azkenean Astigarragako Gazte Asanbladak, orain, nahi ditu antolatu ekitaldiak helburu edo arrazoi zehatz batzuekin, ez antolatu eta kitto, tartean zerbaitek eman behar dio indarra. Eta hortik apurka-apurka sortu zen ideia».

 

Zipotza eta Asanbladaren harremana eta Zipotzaren egoera

Zipotza eta Asanbladak askotan, aurrera egin dute, batak besteari emandako laguntzari esker; «Gazte Asanblada eta Zipotza betidanik joan dira elkarrekin, azkenean Gazte Asanbladak beti eduki du Zipotzan etxe figura edo babes figura bat. Bai bilerak egiteko, bai dinamikak aurrera eramateko, bai materiala gordetzeko… Gazte Asanbladak lagundu dio Zipotzari, eta Zipotzak ere lagundu dio Gazte Asanbladari. Kontzertuen antolaketa bitan banatu dugu, kontzertuak gure kontu daude, eta afaria berriz Zipotzaren kontu». Gaurkoan berriro ere, Gazte Asanbladak egin du keinua, Zipotzaren alde,  «egoera ekonomiko eta politiko zailetatik pasa baita Zipotza, eta bultzadatxo bat behar zuela ikusi genuen».

Hau kontuan izanik, Zipotzako kideak eskertuta agertu dira, herriko gazteek egiten duten lan guztiagatik, eta Zipotzak orain arte bizitako egoera kontatu dio Kronikari: «Pandemiarekin, oso egoera kaxkarrarekin egin genuen topo. Azkenean Zipotza, beti denboraldiekin mantendu da, sagardotegiak eta herriko festak, besteak beste. Urtean zehar baldintzak ez ziren onak, eta ekonomikoki ez zegoen aurrera ateratzeko aukerarik. Orduan, batzar bat konbokatu zen, eta hor planteatu zen gazteekin elkarlana egitea. Erantzuna primerakoa izan zen, gazteak beti prest daude Zipotza laguntzeko. Eta gazteek jarri zituzten baldintza batzuk, funtzionamendu aldetik, hau da, ordutegi aldetik hobekuntzak eman behar zirela... Hau guztia onartu zen batzarrean eta martxan jarri ginen Zipotza eta Astigarragako Gazte Asanblada. Aurrera gindoazen apurka, goizean ireki, eta mugimendu dexente sortu zen. Gazteen aportazioaz gain, esan beharra dut, bazkide eta herritarren inplikazioa ere itzela izan zela, hasi ginen pintxo poteak egiten, eta herriko sukaldari mordoak egin zuten gurekin bat. Baina berriro ere, pandemiak aurrea hartu zigun, eta berriro etorri ziren ordutegi murrizketak eta dena delakoa. Hor Standby bat egin genuen, baldintzak ez baitziguten uzten aurrera egiten. Egoera hori izan da, gorabehera haundiekin, baina beti laguntzaileak prest».

Gaurko antolatutako kontzertu eta diru bilketaren arira, Zipotza oso pozik eta eskertuta agertu da; «hor ikusten da Gazte Asanbladaren eta orokorrean herriko gazteen inplikazioa izugarrizkoa izan dela. Egon da jendea salatzen eta gazteak seinalatzen, baina hauengatik ez balitz. Zipotzaren alde egindako lana sekulakoa izan da, eta espero dugu azken olatu honekin, Zipotza egoera kaxkar honetatik aterako dela. Eta gazteei eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen. 

EGITARAUA

ASTIGARRAGA


GAUR

19:00 Zuloko Eiders ta Garou

19:45 Fikzio

20:30-22:15 Afal ordua: Zipotzan ogitartekoak.

22:30 Northcousin

23:15 Yakolev42

00:00 KDP

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!