Hilaren 27an hasiko da hiri antolamenduko plan orokorra berrikusteko prozesua

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 20a, 00:00
Urriaren 28an, Kontxa Etxeberria plazan jarriko dute informazio karpa.

Hastear dago Astigarragako hiri antolamenduko plan orokor berriaren diagnostikoan parte hartzeko fasea. Erriberan izango dira lan-tailerra eta Aholku Batzordearen saio berezia. Gero, hilaren 28an eta 29an, jarraipena emango diote prozesuari.

Datorren asteazkenean, hilaren 27an, emango diote hasiera Astigarragako hiri antolamenduko plan orokorra berrikusteko lehenengo faseari. Diagnostikoan parte hartzeko unea izango da, eta herritarrak izango dira protagonistak. Horretarako, herritar guztiei irekitako lan-tailerra egingo da, 18:30etan, Erriberan. Horrekin batera, Plangintzako Aholku Batzordearekin saio berezia ere egingo da egun berean, 17:30etan, Erriberan. Aholku Batzordea udalerriko ordezkariek eta eragileek osatzen dute, eta plan orokorra berrikusteko prozesuan eginkizun garrantzitsua du talde horrek. 

Gero, datozen egunetan ere zeregina izango dute herritarrek. Hain justu, informazio karpak jarriko dituzte, astigartarrei gaiaren gaineko informazioa helarazteko. Urriaren 28an, ostegunean, Joseba Barandiaran Plazan, eta urriaren 29an, ostiralean, Kontxa Etxebarria Plazan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Karpa horietara Astigarragako bizilagun guztiak gertura daitezke, «herriaren definizioan eta orain hasiko den bidearen diseinuan parte hartzeko».

Udalerrirako plangintza garrantzitsua da plan orokorra. Lu­rraldea modu integralean an­tolatzeko balio duen hirigintza-araudia da eta, horren bidez, lurz­oruaren hainbat erabilera definitzen dira, baita hurrengo urteetarako udalerrirako ekipamendu-sistema ere. 
Astigarragako kasuan, aurtengo martxoaz geroztik, dokumentazioa aztertzeko eta materialak sortzeko lan teknikoak egin dira, hasierako egoeraren diagnostikoa egiteko. Orain, aldiz, herritarren txanda heldu da. 

Logoa eta webgunea

Plan orokorra berrikusteko prozesua luzea izango da eta, hortaz, Udalak beharrezkoa ikusi du irudi edo logoa lantzea eta webgunea sortzea. Logoak esku bat edo zuhaitza eta koloretako hostoak ditu, «aniztasuna irudikatzeko, gure esku dagoela irudikatzeko», azaldu dute. «Izan ere, gure bidea egin behar dugu, elkarrekin, plan orokorra berrikusi eta datozen 10-15 urteetan Astigarragak izango duen bilakaera aztertu eta erabakitzeko».

Horren bueltan, hausnarketa egin dute. «Galdera garrantzitsuak dira: nola hazi nahi dugu? Etxebizitza asko egin behar dira? Ekipamendu publikoak, berdeguneak non, nola? Landa eremuan, lehen sektoreko jarduerak non? Auzoek nola hazi behar dute? Bide horretan ezinbestekoa da herritarron partaidetza, gure herriaren bidea marraztu behar dugulako».
Bestalde, aurrez adierazi moduan, Udalak webgunea sortu du plan orokorra berrikusteko prozesuaren informazio guztia bildu eta eskura jartzeko. Dagoeneko eskura dago interneten: gurebidea.astigarraga.eus

Partehartze prozesu guztietan ezinbestekoak dira informazio eta komunikazio kanalak. Udalak adierazi duenez, webguneak hori bermatzea du helburu.  Hori horrela, plan orokorra berrikusteko prozesuaren gaineko albisteak daude bertan, baita agendako hitzorduak ere. Gainera, fase bakoitzean zer egingo den azaltzeko atala ere badu, dokumentuen atal batekin batera. Une honetan, adibidez, diagnostikoa osatzen duten dokumentuak jarri dituzte eskura.
Astigarragako Udalak apustu sendoa egiten du herritarrak udal-prozesuetan parte hartzearen eta inplikatzearen alde, haien ikuspuntua kontuan hartuz; «plan orokorra ez da salbuespena; eta, zalantzarik gabe, Astigarragaren etorkizuna definitzeko funtsezko tresnetako bat izango da. Beraz, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da haren garapenean». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!