Herrietako eliza guztiak dira, hein batean, ipar-orratz; ez bereziki iparrera apuntatzen dutelako (izan ere, gehienek ekialdera apuntatzen dute), baizik eta, altuera batean daudenez, kanpandorrea ikusi orduko, oinezkoari bere burua herrian kokatzen laguntzen diotelako.
Andra Mariaren zeruartze parrokiaren kasua ere halakoa da. Astigarragako eliza nagusia, Jasokundeko Ama Birjinaren eliza edota Murgiako Andre Mariaren eliza izenez ere ezaguna, Markesmendi izeneko muinoan dago kokatua, antzina gotorleku bat izan zenaren tokian. Azken izena, duela pare bat hilabete aurkeztu genizuen Murgia jauregiaren ondoan dagoelako eman ohi zaio.
Harlanduz egindako XVII. mendeko eraikina da, eta Pizkundeko eta Barrokoko arkitektura ezaugarriak biltzen ditu. Latindar gurutze formako oinplanoa du, baita bi atal angeluzuzenez osatutako nabe bat ere. Halaber, 25 metro garai den kanpandorrea du. Kanpandorreari atxikita daude sakristia, bataiotegia eta zurezko arkupe handi bat. Arkupe horren gainean murgiarren armarria dago; eta murgiarren jauregia elizari atxikitzen zaio oin angeluzuzena duen gorputz baten bitartez.
Bigarren karlistaldian, elizako erretaula nagusia suntsitu egin zen, eraikineko beste hainbat zati bezala. 1888. urtean Donostiako San Bizente elizatik ekarritako bat jarri zen haren lekuan, baina erretaula zaharraren irudi batzuk gorde ziren. Erretaulan Santa Ana, San Benito, San Inazio eta Jasokundearen irudiak agertzen dira.
Sagardotegi batera zoazen hurrengoan, ez galdu aukera eliza bisitatzeko; Astigarragak badu zer ikusia kupeletatik at!