'Hermanas de los árboles' dokumentala, biharko egun potoloari bidea egiteko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 15a, 00:00
'Hermanas de los árboles' dokumentaleko eszena bat.

Gaur jarriko dute dokumentala, 18:00etan Erriberan; eta solasaldia egingo dute ondoren, «Argentinarekin eta Indiarekin konektatuz». Pentsamendu Feminista Topaketak segida izango du bihar, egun osoko egitarauarekin.

Hitzordu garrantzitsua daukate Erriberan, gaur eta bihar, indarkeria sexistaren kontrako borro­kak eta Harituz elkarteak. Lau­garrenez antolatu du Pen­tsamendu Feminista Topaketa, eta oraingoan, nesken kontrako indarkeriak ekarriko dituzte erdigunera. Joan den astelehenean, urriaren 11n, izan zen Nesken Nazioarteko Eguna; eta horren harira, mahai gainera ekarri nahi izan dituzte, haurrek, neska jaiotze hutsagatik, jasan behar izaten dituzten jazarpen eta indarkeriak.

«Helburua da, ikusaraztea ema­kumeen aurkako diskriminazioak haurtzarotik hasten di­rela. Emakumeen genitalen mutilazioa, behartutako ezkontzak, bortxaketak... Adibide batzuk baino ez dira. Hezkuntzarako sarbiderik eza, eta ondorioz, aukera berdintasun txikiagoa ere ematen da. Halaber, alabek legeetan eta praktikan, lurrak eta ondasunak oinordetzan jasotzeko dituzten eskubideak ere diskriminatzen dira. Eta leku batzuetan, Indian edo Txinan adibidez, abortu selektiboak egiten dira, sexua jakina denean», azaldu du Harituzek.

Indarkeria horiei «diziplina anitzeko ikuspegi batetik» hel­tzea da topaketaren asmoa, «bai­na ibilbide-orri komun bate­kin: nesken eskubideen urra­ketak».

 

Piplantri herriko ohitura, praktika onen adibide

Gaur emango diote hasiera aurtengo topaketari, Hermanas de los árboles dokumentalaren es­kutik, 18:00etan Erriberan. Eta nes­ken aurkako indar­keriak baino, kontrako adibide bat da aditzera emango dutena: Piplantri herrian, Rajastanen (India), 2006tik egiten duten praktika bitxia. Bertan, neska bat jaiotzen denean, 111 zuhaitz landatzen dituzte haren omenez; eta zuhaitz horien frutarekin lortzen duten diruarekin, neska horren heziketa eta dotea ordaintzen dute. Gainera, zuhaitzak landatzearekin batera, zinpeko adierazpen bat sinatzen dute familiek: alabak hezkuntza osoa jasoko duela, eta ez dela ezkonduko 18 urte bete baino lehenago. «Benetako istorioa da, nesken eskubideen alde lan egiteko modu asko daudela erakusten duena», diote.

Doakoa izango da emanaldia, eta ondoren, solasaldia ere egingo dute, «Argentinarekin eta Indiarekin konektatuz».

 

Gaian «esperientzia haundia» duten hizlariak, bihar

Bihar izango du segida Pentsamendu Feminista Topaketak, eta egun osoko programa presta­tu dute. Nesken eskubideen garrantziaz kontzientziatu nahi dituzte herritarrak, topaketa hauen bitar­tez. Eta horretarako, gaiaren gainean «esperientzia haundia» duten hizlariak ekarriko dituzte, «hainbat arlo profesionaletatik» jorratuko dutenak. «Errealitate kru­del honen ikuspegi ez­berdin eta osoa aurkeztu nahi dugu topaketan, eskatzen duen zeharka­kotasuna ikusarazten sa­iatuz».

Goizeko 09:00etan irekiko dituzte ateak, eta 09:30etan emango diote hasiera topaketari, Jéssica Murillo eta Garbiñe San Miguel kazetarien eskutik. Beraiek arduratuko dira aurkezpenak egiteaz. Lau hitzaldi izango dira goizean, eta eguerdiko atsedenaren ondoren, beste hiru hitzaldi eta emanaldi bat arratsaldean. Eta bukatzeko, II. eta III. Matazak Sariak banatuko ditu Pilar Vicente de Forondak, emakumeen eta neskatoen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren aurka egindako lanean nabarmendu diren erakundeei. 7N Plataformak jasoko du II. Matazak Saria, eta Medicus Mundi Gipuzkoako III. Saria.

 

EGITARAUA - URRIAK 16

09:30-10:00, Inaugurazioa

10:00-11:00, Arantza Campos: Nesken eskubideen urraketa. Garapen jasangarrirako 2030 agenda eta bere 17 Garapen Iraunkorrerako Helburuak.

11:00-12:00, Fátima Djarra: Neska jaiotzearen bekatua herrialde perimetraletan, ezkontza behartuak eta emakumeen mutilazio genitala.

12:30-13:30, Ebbaba Hameida: Gehiengo musulmana duten eta gatazkan dauden herrialdeetan neska jaiotzearen prezioa informazio tratamenduan.

13:30-14:30, Carmen Ruiz Repollo: Pornosozializazioa, haur eta nerabeentzako arrisku faktore gisa.

16:00-17:00, Isabel Guerrero: Sexu-heziketa eta nesken ahalduntzea.

17:00-17:30, Marian Moreno Llaneza: Hezkidetza aldaketa faktore gisa: Skolae proiektua.

17:30-18:30, Mahai ingurua: Nesken eskubideen aldeko lana elkarte mugimendutik. Medicus Mundi Gipuzkoa, Euskal Elkartasun Feminista, 7N Plataforma, Clásicas y Modernas, Save a Girl Save a Generation.

18:30-19:00, Malala Yousafzairen omenezko emanaldia, After Perdicesen eskutik: Guerreras de las palabras.

19:00-19:30, II. eta III. Matazak sarien banaketa, Pilar Vicente de Forondaren eskutik.

19:30-20:00, Indarkeria Sexistaren Aurkako Matazak mugimenduaren liburuen zozketa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!