Eragiyok abesbatzak kontzertua eskainiko du etzi, Lapurdiko Kanbon

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 00:00
Urteko lehen ekitaldirako prest dago, Eragiyok gizon abesbatza.

Ostiralean, Lapurdiko Kanbon, Astigarragako Eragiyok abesbatzak kontzertua eskainiko du gaueko 21:00etatik aurrera, herriko elizan. 

Bi urteko etenaldi luze baten ostean, bueltan Lapurdiko Kanbon jaialdia, eta bertan izango da Astigarragako Eragiyok gizon abesbatza. Etzi eskainiko dute kontzertua, herriko elizan. 
Gaur egun, Kanboko jaialdia da «Euskal Herrian bizirik dirauen otxoteen topaketarik zaharrena» azaldu du Eragiyok abesbatzak. Arraga abesbatzak antolatzen du urtero, eta 2019an, ez zen jaialdirik ospatu, elizako berritze lanak zirela eta. 2020an, aldiz, Covid-19ak galarazi zuen topaketa, eta urte honetan, antolatzaileek jaialdia berreskuratu nahi izan dute; «ohikoak diren bi egun eta sei otxote aritu beharrean, egun bakarrera mugatu eta hiru talde besterik egongo ez diren arren». Etzi izango da jaialdia eta gaueko 21:00etan emango zaio hasiera, herriko elizan. 

Astigarragako Eragiyokekin batera, Errenteriako Karnaba otxotea eta Baionako Enarak emakumeen otxotea izango dira. Talde bakoitzak sei kantu eskainiko ditu, eta amaitzeko otxote guztiak batera abestuko dute. Astigarragako abesbatzak Otche Nash eta Otoya aurkeztuko dute, besteak beste. 

Urriaren 22an, Errenterian izango da Eragiyok, Musikaste jaialdian, «euskal musikaren astean koruei eskaintzen dien egunean».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!