Hondakinak ikuskatuko ditu Astigarragako Udalak, lurrean zaborra uzten duten herritarrak identifikatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00
Azken asteetan, Astigarragako hainbat puntutan, hondakin ugari agertu dira lurrean, pilatuta. Argazkia: Astigarragako Udala.

Astigarragako Udalak datorren asteetan, hondakinak egoki bereizteko gida banatuko die auzo berritako etxebizitzei eta informazio orri bat banatuko da herriko postontzi guztietan. 

Astigarragako hainbat auzo eta puntuetan, hondakin ugari agertu da lurrean, bereiztu gabe, «dena nahastuta» azaldu du Udalak. Eta honakoa gaineratu du; «herritarron betebeharra da hondakinak egoki sailkatu eta bakoitza dagokion edukiontziaren barruan uztea. Mota honetako joerak ezin ditugu onartu». 
Hori horrela, Udalak ikuskapen kanpaina bat egingo du, urrian zehar hondakinak lurrean uzten ari diren herritarrak identifikatu eta dagokion espedientea martxan jartzeko. Hau guztia, Hondakinen Bulegoak eta Udaltzaingoak burutuko dute. 

«Arau haustea»
Hondakinen bilketa arautzen duen ordenantzaren arabera (Hiri hondakinak bildu eta tratatzeko Udal Ordenantza), hondakinak edukiontzien inguruan lurrean uztea edo zerbitzuaren egutegitik edo ezarritako ordutegitik kanpo uztea arau haustea da, eta 900 euro arteko isuna ekar lezakeela zehaztu du Astigarragako Udalak.

«Herritarren betebeharra da hondakinak egoki sailkatzea»

 

Hondakinen gida eta informazioa, herritarren esku
Hurrengo asteetan, Astigarragako Udalak, hondakinak egoki bereizteko gida banatuko die auzo berrietako etxebizitzei, «besteei aurretik banatu zaie».Horrez gain, informazio orri bat banatuko da herriko postontzi guztietan. 

Halaber, hondakin organikoen eta errefusaren edukiontziak irekitzeko txartela behar izanez gero, aurrez hitzordua hartu behar da telefono hauetara deituz: 900 10 28 38 edo 671 295 375, edo hondakinak@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzita. 

Astigarragako Udalak dio, hondakinei buruzko gida eta informazioa eskura daitekeela, Udalaren webgunean: astigarraga.eus. Beraz, gogoratu, Astigarragako Udalak ikuskapen kanpaina bat egingo duela hilabete honetan, hondakinak lurrean uzten ari diren herritarrak identifikatzeko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!