Perez sagutxoaren «benetako istorioa» ekarriko du Glu Glu konpainiak gaur, Erribera kulturgunera

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 10a, 00:00
'Perez sagutxoa' antzezlaneko eszena bat. Argazkia: Glu Glu

'Perez sagutxoa' antzezlana eskainiko du, arratsaldeko 17:00etan hasita, 3-9 urteko haurrentzat. Pertsona ahulenen zaintza erdigunean jarrita, umorearekin, dantzekin eta abestiekin ekarriko dute kondaira taula gainera.

Haurrentzako antzerkia izango da protagonista gaur, Erribera kulturgunean. Eta zehazki, kondaira baten «benetako istorioa» ekarriko du Glu Glu konpainiak taula gainera: Perez sagutxoarena. Arratsaldeko 17:00etan hasita, Perez sagutxoa antzezlana eskainiko du, 3-9 urteko haurrei zuzenduta. Emanaldirako sarrerak, ordubete lehenago jarriko dituzte salgai, Erriberan ber­tan: adin txikikoek 3 euro, eta helduek 6 euro.

«Kondaira honek gainditu di­tu muga, belaunaldi, amets eta almohada guztiak, urteetan ze­har. Ipuin klasiko moduan, komedia lehenetsiz, eta beti ere dantzekin eta abestiekin jolastuz, kontatuko dugu alegiazko istorio hau», aurreratu dute. Eta istorioaren erdigunean, pertsona ahulenen zaintza egongo da.

Kaxildatar saguen komunitatekoa da Perez, denetan gazteena; eta pertsonen etxe berri batean jarriko dira bizitzen. Bertako haur batekin, Xurirekin, oso harreman estua izango du. Ezusteko bati aurre egiteko hasiko du Perez sagutxoak haurren hortzak biltzeko ohitura. Izan ere, Kaxildatar sagu zaharrenek hortzak galdu dituzte, eta Xuriren esne-hortz batekin, haientzako hortz batzuk sortzeko ide­ia bururatuko zaio Perezi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!