Barruko sentimenduak kulturaz goxatzeko aukera, jada sartuta gauden udazken honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00
Txanogorritxoz jantziko da Aitziber Garmendia Erriberako oholtza gainean, hilaren 30ean .

Udazkenean sartuta, tenperaturak jaisten doazela nabarmena da, eta aitzakia ederra da antzerki, tailer, hitzaldi edo emanaldietara bertaratu eta goxo-goxo kulturaz gozatzeko. Hau kontuan izanik, Astigarragan, makina bat aukera daude barruko sentimenduak kulturaz besarkatzeko.

Astigarragako aldizkariaren erakusketarekin hasi da hilabetea, 40 urteko ondarea izenekoa hain justu. Astegunetan dago aukera bertaratzeko, eta aldizkariko argazkiak ikusi eta testuak irakurtzeko. Aldizkaria sortu zenetik, bildutako hainbat dokumentu eta material jarri dira jadanik ikusgai, datorren asteburura arte. Goizeko 09:00etatik 13:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita erakusketa, Erriberan.

Tailerrak ere, nagusi izango dira hilabete honetan. Asteartean hasi ziren, Harituzek antolatutako Zaintzailea zainduz tailerrak. Arratsaldeetan izanik; 16:00etatik 18:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara. Izena emateko deitu: 630 678 474, edo idatzi astihartiuz@gmail.com helbide elektronikora.

Urriaren 13 eta 20an, Harituz eta Skolastikak antolatuta Udazkeneko kanpamendua izeneko tailerrak eskainiko dira: «ikuspegi feministatik hainbat gai aztertuko dira, saioak zuzenean online edo ondoren Skolastikaren Youtube kanalean ikusgai ere egongo dira.  Lehenengo tailerrean, maskotak eta literatura jarriko dira erdigunean. Bigarrena E(ra)gile afroamerikarrak lelopean izango da. Erriberan eskainiko dira aipatutako tailer hauek, arratsaldeko 18:00etan hasi, eta 20:00ak arte. Doakoak dira, eta izena emateko aukera dago, astiharituz@gmail.com helbide elektronikora idatzita.

Bihar, etxeko txikiek barre egiteko tartea izango dute arratsaldean, izan ere, Perez sagutxoa antzezlana oholtza gainean ikusteko aukera izango dute. Arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera antzerkiari, eta Erriberan izango da. Glu-Glu produkzioek, Perez sagutxoaren benetako istorioa taularatuko dute. Ipuin klasiko moduan, baina komedia lehenetsiz; «eta beti bezala, dantza eta abestiekin, jolastuz, alegiazko istorio hau kontatuko dugu». 3 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako antzezlana da. Adin txikikoek 3 euro ordaindu beharko dute eta helduek 6 euro.

Hilaren 14an, Astigarragako Marian Hernandezek berak idatzitako Todo lo guardo en los ojos poesia liburua aurkeztuko du, Juankar Landa olerkari eta gitarra jotzailearen doinuek lagunduta. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera aurkezpenari, Erriberan. Hurrengo egunean bi ekintza egingo dira, alde batetik Emakumeon etxean, solasgunea antolatu da: ziklikoki bizitzen: emakumeon gorputza eta hilerokoa gaia landuko da, eta arratsaldeko 17:00etan emango zaio hasiera. Izena emateko idatzi emakumeonetxea.astigarraga@gmail.com helbidera, eta azaldu dute zaintza zerbitzua aldez aurretik eskatu behar dela, telefono honetara deituta: 648 417 157. Bestalde, egun berean, Hermanas de los árboles dokumentalaz gozatzeko aukera eskainiko du Harituz elkarteak. Arratsaldeko 18:00etan proiektatuko dute, Erriberan. Dokumental hau, Camila Menéndez eta Lucas Peñafortek zuzendutakoa da eta honakoa kontatzen du: «Indiako Piplantri herrian filmatuta dago, bertan neska bat jaiotzen den aldiko 111 zuhaitz landatzen dituzte eta 2006az geroztik 300.000 landatu dira. Indiak neska defizit izugarria du, finantza-kargatzat hartzen dira ezkonsaria ordaintzeko ohitura dutelako». Dokumentala amaitu ostean, mahai ingurua antolatu da.

Datorren asteburuan, Nesken aurkako indarkeria jomuga izanik, topaketa bat antolatu du Harituz elkarteak, eta Pentsamendu feministaren IV. topaketa izango da. Goizeko 09:00etan emango zaio hasiera topaketari eta egun osoko izango da, arratsaldeko 20:00ak arte iraungo baitu. Aldez aurretik izena eman behar da ecuentrofeministamadejas@gmail.com webgunera idatzita. Erriberan eskainiko da topaketa eta doakoa da.

Hilaren 17an, Oltxiak pelikula proiektatuko dute Erriberan, arratsaldeko 16:30etan hasita. 85 minutuko filma izango da, eta sarrerak 2 euro balio du. Horrez gain, D'artagnan eta mosketxakurrak, eta Maixabel pelikulak ere ikusgai egongo dira, hilaren 24an. Literatura solasaldirik ez da faltako, izan ere, urriaren 18an, Jorge Carrerok zuzenduta, Astigarragako Marian Hernandez idazlearen Todo lo guardo en los ojos poesia liburuaren ingurukoa izango da. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera literatura solasaldiari, liburutegian. Solasaldiak ez dira izango hilabeteko protagonista bakarrak, izan ere, irakurketa klubak ere izango du bere nagusitasuna. Urriaren 19an eskainiko da, Harrotasuna eta aurrejuzguak eleberriaren inguruan. Arratsaldeko 19:30etan izango da, Erriberan. Parte hartzea irekia da eta doakoa.

Urriaren 23ko asteburuan, Astigarragako Gazte Asanbladak herriko hainbat musika talderen kontzertuak antolatu ditu, egun osorako.

Aitziber Garmendia, txanogorritxoz

Hilabetea borobiltzeko Aitziber Garmendia Erriberako oholtza gainera igoko da txanogorritxoz jantzita. Sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro adin txikikoentzat.

Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, bakarrizketa umoretsuari. Eta hilabetea behar den bezala amaitzeko, Quartonal musika taldearen emanaldia antolatu da. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, Erriberan. Sarrerak 8 euro balio du helduentzat, eta 4 euro adin txikikoentzat. 

 

URRIKO EGITARAUA

ASTIGARRAGA

BIHAR
17:00 Antzerkia. Perez sagutxoa. 3-9adin tartea. Erriberan.

Urriak 19ra arte
16:00-18:00/18:00-20:00
Zaintzailea zainduz tailerrak. Doakoak. Erriberan.

Urriak 13
18:00-20:00 'Mascotas y literatura' gaiaren lanketa. (Udazkeneko kanpaina). Erriberan

Urriak 20
18:00-20:00 E(ra)gile afroamerikarrak. (Udazkeneko kanpaina). Erriberan.

Urriak 14
19:00 Aurkezpena. Todo lo guardo en los ojos poesia liburua. Erriberan. 

Urriak 15
17:00-19:00 Solasgunea. Ziklikoki bizitzen: emakumeon gorputza eta hilerokoa. Emakumeon etxean.

Urriak 15 
17:00 Dokumentala. Hermanas de los árboles. Erriberan.

Urriak 16
09:00-20:00 Topaketa. Nesken aurkako indarkeriak. Erriberan.

Urriak 17
16:30 Zinea. Oltxiak. 85minutu. Errriberan.

Urriak 18
19:30 Litartura Solasaldia. Todo los guardo en los ojos. Gaztelaniaz. Liburutegian.

Urriak 19
19:30  Irakurketa kluba. Harrotasuna eta aurrejuzguak. Erriberan.

Urriak 23
Egunean zehar. Musika. Emakumeon plazan.

Urriak 24
16:30 eta 19:00 Zinea. D'artagnana eta mosketxakurrak. 84 minutu. Erriberan. Maixabel. 115minutu. Erriberan

Urriak 30
19:00 Antzerkia. Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio). Aitziber Garmendia. Erriberan.

Urriak 31
19:00 Musika. Quartonal. Erriberan.

 

ERAKUSKETAK ETA GAINERAKOAK

Urriak 16ra arte
09:00-13:00/16:00-20:00 Astigarraga Aldizkaria: 40 urteko ondarea

Urriaren 22ra arte
Argazki lehiaketa 2022ko udal egutegirako. Urriaren 22an amaituko da argazkiak aurkezteko epea. Oinarriak ikusgai Astigarraga.eus webgunean.

Urriak 26 Ongi etorri oparia 2019ko urritik 2021era Astigarragan erroldatu direnentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!