Urrian zehar, kopa menstrualak doan banatuko dizkie Astigarragako Udaleko Berdintasun Sailak, 15 urtetik gorako emakume astigartarrei. Bakoitzari bana emango diote, eta ekimenaren helburua da emakumeei eskaintzea «gailu eroso, ekologiko eta merkea, hilekoarekin daudenerako», azaldu dutenez.
Kopa menstruala jasotzeko, zenbait banaketa egun eta gune zehaztu ditu Udalak. Bihar bertan izango da aurreneko aukera, eta Emakumeon Etxean egongo dira, goizeko 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 18:30etara. Urriaren 13an, 14an eta 15ean, berriz, kultur etxe zaharrean egingo dute banaketa, Berdintasun Bulegoan, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Hilaren 14an ere banatuko dituzte kopak Emakumeon Etxean, 17:00etatik 18:00etara. Eta urriaren 18an eta 22an, azkenik, Kontxa Etxeberria plazan jaso ahal izango dira, arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.
Nahikoa izango da horietako batera gerturatzea, kopa menstruala jasotzeko; baina Astigarragako emakumeek bakarrik izango dute aukera, horretarako.
Berdintasun Sailetik jakinarazi dutenez, bi tailatako kopak izango dituzte aukeran: S tailakoak, erditu ez duten emakumeentzat; eta L tailakoak, erditu dutenentzat.