Liburutegiko laguntzaile lanpostua betetzeko, oposizio lehiaketa jarri du martxan Udalak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 7a, 00:00

Liburutegirako langile bila dabil Udala, laguntzaile lanposturako.

Lanaldi osoko lanpostua izango da, Erriberako liburutegiko eta artxiboko erabiltzaileei arreta emateko, eta lan administratiko eta teknikoetan laguntzeko. Astigarragako udaletxean aurkeztu behar dira eskaerak, prozesuan parte hartzeko.

Oposizio bidezko lehiaketa jarri du martxan Astigarragako Udalak, Erribera kulturguneko liburutegiko laguntzaile lanpostua betetzeko. Lanaldi osokoa izango da lanpostua, eta honakoak dira hautatutako langilearen egitekoak, besteak beste: udal liburutegiko eta artxiboko erabiltzaileei arreta eman; zerbitzua ondo erabiltzen dela ziurtatu; liburu-postontziko liburuak jaso; liburuak ordenatu eta txukun jaso; maileguak, erreserbak, mailegu eskaerak eta liburutegien arteko maileguak egin; bazkideak datu basean sartu, txartelak inprimatu eta postaz bidali; atzerapenak kontrolatu, bazkideen gutunak inprimatu eta postaz bidali; ordenagailuak zaindu eta arazoen berri eman arduradunari, udal informatikoari edota Jaurlaritzako zerbitzu teknikoari; liburuen eta aldizkarien ale berriei alta eman; hondatutako liburuak konpondu; eta lan administratibo eta teknikoetan lagundu, liburutegiko (Absysnet) eta artxiboko programa informatikoen bitartez.


Astelehenean argitaratu ziren lehiaketaren deialdia eta oinarriak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eta hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira, deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 20 egun balioduneko epean. Paperean aur­­­keztu daitezke, Udal Erre­gistro Orokorre­an; edo telematikoki, astigarraga.eus/eu/tra­miteak webgunean. Udalaren webgune­an bertan da­go eskuragarri, eskaera eredu normalizatua.


Hautagaiek izan beharko dute Batxilergoa, Lan­­bide Heziketako Teknikaria edo baliokidea den titulua; euskerazko EGA edo hirugarren hizkuntz-eskakizuna; eta internet eta Writer edo Microsoft Word testu-prozesadoreetan maila aurreratuko IT txartela

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!