Ikasturte berriarekin, martxan da Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua, berriro. Horrela, «bidelaguntza» eskaini nahi diete, «Astigarragako biztanleen harreman sentimentalei eta helburu erotikoei», modu konfidentzialean eta doan.
Atzo egin zuten agerraldia, ikasturteari hasiera emateko, Nerea Sancho Arremanitzeko adituak, Maider Urbieta berdintasun teknikariak, eta Aintzane Barandiaran berdintasun zinegotziak. Barandiaranek berak nabarmendu zuen, hiru ildo nagusi landuko dituela zerbitzuak: «helduentzako arreta pertsonalizatua; herriko talde eta eragileekin formakuntza saioak eta tailerrak; eta herrian sexuaren eta afektibitatearen inguruko sentsibilizazioa».
Helburu horrekin, elkarlanean jarraituko dute Astigarragako anbulatorioarekin; eta koordinatuta egongo da Berdintasun Sailarekin, Emakumeon Etxearekin eta Gaztelekuarekin, nerabeengana iristeko. «Koordinazio hori oso garrantzitsua da, herrian dauden beharrak identifikatu eta horiei erantzuteko».
Plax! zerbitzuan eskainiko dute laguntza, «bizitzako garai ezberdinetan dauden erronkei aurre egiteko, sexualitatearekin eta afektibitatearekin harremana dutenak». Horien artean daude, esaterako, honakoak: haur txikien gurasoen bizitza erotikoa zein sentimentala aberastea; emakume helduen plazerra eta aukera berriak esploratzea; trebetasun berriak esploratzea gaztaro, helduaro zein zahartzaroan; edota bikote gatazken aurrean irizpideak eskaintzea.
2019ko udazkenean jarri zuten martxan zerbitzua, Astigarragako kultur etxe zaharrean.Eta aurreneko ikasturtean izandako «balorazio positiboa ikusita eta zerbitzuaren garrantziaz jabetuta», zerbitzua indartu eta egonkortzea erabaki zuen Udalak: lehiaketa bidez, lau urterako kontratua sinatu zuen Arremanitz kooperatibarekin.
62 saio pertsonalizatu, aurreko ikasturtean
Kontratuaren aurreneko ikasturtea izan zen aurrekoa. «Pandemiako gorabeheren testuinguruan jarri genuen martxan zerbitzua, eta hala ere, aurreikuspenak bete genituen, erabiltzaile kopuruari eta formakuntza saioei dagokienez», azaldu zuen Nerea Sanchok. Zentzu horretan, zioen «jarritako ahaleginek bere fruitua» eman zutela, eta erantzuna oso ona izan zela.
Horrela, 62 saio pertsonalizatu eskaini zituzten Plax! zerbitzuak, 29 eta 62 urte bitarteko erabiltzaileekin. Lau formakuntza saio ere egin zituzten gazte eragileekin, bi online eta beste bi aurrez aurre; eta baita hiru tailer burutu ere. Tailerretako bat izan zen hilekoaren aurrean ikuspegi berri bat txertatzeko: «ikuspegi tradizionaletik harago, ikusteko zein beste esanahi dituen egunerokoan». Homofobia lantzeko saioak ere egin zituzten gazteekin: «ibilbide luzeko lanketa bat behar du horrek, urtez urte egin beharrekoa. Ikusi dugu begibistan geratu dela homofobia azkenaldian, eta uste dugu ikuspegi globaletik baina lokalki egin behar dela esku hartzea». Emakumeentzako menopausia eta erotismoari buruzko ziklo labur bat ere burutu zuten Emakumeon Etxearekin, «eta emakumeen artean oso giro aberatsa sortu zen». Eta gurasoentzako bi hitzaldi ere eskaini zituzten, haurrei eta pornografiari buruz.
Hiru bide daude, zerbitzuarekin harremanetan jartzeko: astigarraga.eus/sexu web orriko formularioa bete; 656 544 606 telefonora deitu edo whatsapp bidez idatzi; edo berdintasuna@astigarraga.eus helbidera idatzi. «Interesgarria da arreta aurrez aurrekoa izatea, askoz ere aberatsagoa delako», dio Sanchok. Eta horretarako hitzordua emango diete, hiru bide horietatik.
«Horrelako zerbitzuak, orain arte arlo pribatuan eskaintzen ziren, eta herritar askok uko egin behar izaten zion, arrazoi ekonomikoengatik», azaldu zuen Barandiaranek: «eta uste dugu oso ekarpen ona dela herritarrentzat, Udalak doan eskaintzea zerbitzu bat hain kalitate onekoa eta konfidentziala. Eta dei egiten diegu herritarrei, lotsarik gabe jartzeko harremanetan. Ikusiko dute beraien osasuna asko hobetuko dela, sexua ere osasuna delako».