Autobus zerbitzuaren gabeziak salatu zituen Mugi Astigarragak Plenoan, eta udal taldeen babesa jaso zuen

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 2a, 00:00
Mugi Astigarragako ordezkari bat, Plenoan testu bat irakurtzen.

30 herritar baino gehiago azaldu ziren astearteko Plenora, autobus zerbitzuaren egoera salatzera: «egin diren aldaketak ez dira nahikoak, eta murrizketak onartezinak dira».

Beteta ageri zen udaletxeko areto nagusia, astearteko Plenoan: 30 herritar baino gehiago bertaratu ziren, Mugi Astigarraga plataformaren izenean, autobus zerbitzu publikoaren gabeziak salatzeko. Bukaeran hartu zuten hitza, beraiek; eta jakinarazi zuten, 1.870 sinadura bildu eta Aldundiko Mugikortasun Sailari helarazi dizkiotela. Honakoak dira, salatu dituztenak: egin diren aldaketak ez direla Astigarragak behar dituenak; murrizketak onartezinak direla; geltokiak kentzeak zerbitzua kaltetu duela; eta ospitaleetara eta unibertsitateetara autobusak behar dituela Astigarragak, gainerako herriek bezala.

Plataformari bere babesa erakutsi zioten, Plenoan izan ziren bi udal taldeek, EH Bilduk eta EAJ-P­NV­k. «Argi daukagu hau ez dela Astigarragak behar duen zerbitzua, inondik inora. Eta hainbeste sinadura biltzeak, erakusten du herritarren ezinegona haundia dela», nabarmendu zuen Xabier Urdangarin alkateak. EAJko Nerea Zusberrok, berriz, adierazi zuen dagoen zerbitzua ez dela nahikoa, eta guztiz ados daudela plataformaren aldarrikapenekin: «autobus zerbitzu duina behar du Astigarragak». Urrian izango du bilera Udalak Aldundiarekin, gaiari buruz.

Horren aurretik, beste hainbat gai landu zituzten Plenoan. Hasteko, onartu zuten 2021eko aurrekontuan kreditu transferentzia bat egitea, 243.356,99 eurokoa, honako partidak egokitzeko: haurreskolako kanpoko jolasgunea; Txalakako lokalean egur taila tailerra egokitzea; larrialdiko etxebizitza altzariz osatzea; Udalak eskuratu berri dituen alokairu sozialerako hiru etxebizitzetan sukaldea eta bestelakoak jartzea; eta Oialumeko saneamendu sarea hobetzea. Aho batez onartu zuten.

Desadostasunarekin onartu ziren, aldiz, 2022ko zerga ordenantzak: %1,5eko igoera proposatu zuen Udal Gobernuak, udal tasa eta zerga guztietan; eta kontra azaldu zen EAJ-PNV: «duela bi urte %2 igo ziren, eta egoera honetan, ez gaude ados berriro igotzearekin». Bestalde, 2022an berriro oraindu beharko dituzte tasak tabernek, terrazak jartzeagatik; 2021ean, pandemia­gatik, ez dizkete kobratu.

Gai garrantzitsua izan zen hurrengoa: onarpena eman zie­ten, Beterri-Buruntza Mankomunitatearen estatutuei, eta Asti­garragako Udalak bertan izango dituen ordezkariei (Xabier Urdangarin eta Roxali Fernandez). Ordezkarien izendapenarekin ez zen ados agertu EAJ, baina aldeko botoa eman zuen, «horrelako gai garrantzitsu batek aurrera egitea nahi dugulako».

Kale garbiketa zerbitzuaren lehiaketa ere ebatzi zuten Plenoan: Gureak enpresari esleitu diote garbiketa zerbitzu orokorra (urtean 354.300 euro); eta Conmovil Vitoria enpresari kamioiarekin urez garbitzeko zerbitzua (urtean 8.000 euro). Argiteria publikoa mantendu, kontserbatu eta konpontzekoa, berriz, Sice enpresari esleitu dio­te (29.080 euro urtean).

Eta Plenoa bukatzeko, EH Bilduren botoekin onartu zen Deskonektatu elektriketatik! mozioa (kronika.eus webgunean ikusgai); kontra azaldu zen EAJ.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!