Azken txanpan dago errepideko denboraldia, txirrindularientzat; baina azkeneko asteotan daukan sasoi ona aprobetxatu nahi du Xabier Mikel Azparren astigartarrak. Asmo horren ari da lehiatzen Kroaziako Itzulia, egun hauetan; eta jarrera erasokorra ari da erakusten.
Asteartean hasi zen itzulia, eta aurreneko egunetik izan da protagonista Azparren: helmugatik 18 kilometrora jo zuen erasoa, Luis Angel Maté Euskalteleko taldekidearekin batera; eta lasterketa buruan izan ziren, 20 segundu inguruko tartearekin, helmugarako 6 kilometrora harrapatu zituzten arte. Gainera, ondoren, gai izan zen taldeko txirrindulari azkarrenei lagundu eta 21garren bukatzeko.
Hirugarren etapan, berriz, eguneko ihesaldian sartu zen astigartarra, bost laguneko talde batean; eta indartsuena izan zen, Jon Barrenetxea bizkaitarrarekin batera. Biek elkarrekin egin zituzten ihesaldiko azkeneko kilometroak, helmugatik 20 kilometrora tropelak harrapatu zituen arte.
Eta atzo ere egin zuen saiakera, helmugatik 7 kilometrora, azkeneko igoeran eraso gogorra jota. Hartu zituen metro batzuk, baina ez zion ihes egiteko aukerarik eman tropelak. Bere erasoak, edonola ere, hankaz gora jarri zuen talde nagusia.
Gaur eta bihar lehiatuko dituzte, itzuliko azkeneko bi etapak. Etaparik laburrena dute gaurkoa, baina baita gogorrena ere, Rabac eta Opatija artekoa (137 kilometro). Eta Samobor hirian hasita, Zagreb hiriburuan bukatuko dute sei eguneko itzulia bihar, 157 kilometroko etapa osatu ondoren.