Astigarragako aldizkariaren 40 urteko kultur ondarea ikusgai jarriko da erakusketan, bihartik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 30a, 00:00

Urriaren 15era arte, 10:00etatik 20:00etara, Erribera kulturgunean jarriko dira hurbiltzen direnen eskura argitaratutako aldizkari guztiak.

Aurten, Astigarraga aldizkaria sortu zeneko 40garren urteurrena da. Hori dela eta, urteetan bildutako balio haundiko dokumentu eta materialen erakusketa antolatu da. Beraz, bihar hasi eta urriaren 15era (10:00etatik 20:00etara), Erribera kulturgunean ikusgai egongo dira argitaratutako aldizkari guztiak, bosturteko bakoitzean argitaratzen diren sei aldizkari bildumak, argitalpenen aurkibide orokorrak, eskuz idatzitako aldizkariaren hasierako lehen maketa originalak, Astigarragako 40 argazki adierazgarrienen erakusketa, Antton Olariagak sortutako Upelioren komikien bilduma eta aldizkariaren historia osatzen duten beste hainbat dokumentu.

 

Pantailan eduki etengabeko erakusketa ere jarriko da

Erakusketa honetan, era berean, pantaila bat egongo da, hainbat eduki etengabeko erakusteko: 40 urte historia egiten bideoa, webguneko edukiak eta Santiago ermitaz egindako bisita didaktikoari buruzko ikus-entzunezkoa. Horrez gain, bisitariei aurreko urteetako aldizkariak hartzeko aukera emango zaie, aldizkari honen bilduma osatzeko.

«Ondare historiko-kultural hau bildutako historia guztiaren fruitu da, eta gure herria gozatzeko eta aberasteko asmoz eskaintzen dugu. Eta hori guztia, aurten aldizkaria sustatu eta zabaltzeko egindako hainbat jardueraren amaiera gisa, hala nola, aldizkariaren edizio berezia, ibilbidearen unerik garrantzitsuenen bideoa eta komunikazio-proiektu honen aurkezpen publikoa», adierazi du Antton Arkak, aldizkariaren sustatzaile nagusienetako batek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!