Harituzek antolatuta, Silvia Palumbo Jaimeren Violeta kontzertua zegoen aurreikusita, aurreko asterako. Dena den, bertan behera gelditu zen, eta abeslariak arrazoiak eman nahi izan ditu. Koronabirusaren aurkako bi txerto dituen arren, Europara sartzen utzi ez diotela salatu du argentinarrak.
2010 urteaz geroztik, urtero bisitatu du Euskal Herria. «Hitzaldiak eta kontzertuak ematen ditut, eta taldeak sortzen ere laguntzen dut», aipatu du. Martxa horretan, joan den urtean hilabetez hemen egongo zela kontatu du, baina pandemia medio, bidaiatzeko aukera ez zuen izan. «2020ko irailean saiatu nintzen, baina ezinezkoa izan zen». Gerora, aurtengo apirilean ere saiakera egin zuela dio; baina, hori ere, alferrikakoa izan zen.
«Sputnik txertoa dudanez, ez didate sartzen utzi»
Joan den astean, Astigarragan jotzeko hitzordua zuen. «Uste nuen, txertoaren bi dosiak jarrita ditudanez, bidaiatzen utziko nindutela. Baina, ez!», salatu du. «Jarri zidaten lehenengo txertoa Sputnik izan zen eta bigarrena, berriz, Astrazeneca. Ez ziguten aukeratzeko aukera eman, eta horiek jarri nituen. Baina, orain, Espainian dagoen osasun arautegiak dioena da Munduko Osasun Erakundeak eta Sendagaien Europako Agentziak zehaztuta dituzten txertoen bi dosiak jarrita izan behar direla estatura sartzeko. Sputnik, ordea, ez dago zerrenda horren barruan. Horregatik, galarazi egin didate bidaiatzea eta, horrenbestez, Europara sartzea».
Bere esku dagoen guztia egin duela ziurtatu du abeslariak, eta «tristura eta amorrazioa» sentitzen dituela egoera honen aurrean. «Argentinan, milioika herritarrek dute Sputnik txerto errusiarra. Orduan, zer egin behar dugu?».