Hiru desfibriladore jarri ditu Udalak, herrian: Erriberan, Txomiñenen eta Kale nagusiko 21 zenbakian (Farmazia Aguadoren kanpoaldean). Horiekin, denera, 5 desfibriladore izango dira Astigarragan; beste biak kiroldegian eta Zarkumendegin daude.
Desfibriladoreen ekipoak bi parte mota ditu. Batzuk helduentzako eta besteak, berriz, haurrentzako. Bat-bateko bihotz-geldialdi baten aurrean, berehala laguntzeak bizitzak salba ditzake, eta horrexegatik jarri dituzte beste hiru herrian barrena.
Ekainean, desfibriladorea erabiltzeko ikasteko prestakuntza ikastaroa eskaini zien udalerriko hainbat talderi eta langileri. Azaroan, herritarren txanda izango da. Formakuntza borondatezkoa eta doakoa da, eta interesa dutenek izena eman behar dute: obraketazerbitzuak@astigarraga.eus helbidera idatzita edo 943 33 50 68 telefonora deituta.