Makina bat ekintza egingo dira Astigarragan gaur, Emakumeon Etxeari behar den ongi etorria emateko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00
Eguerdiko 12:00etan hasiko dira ekintzak, eta bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek, herritarrei.

Emakumeon etxeak argi du; «hemendik aurrera hausnarketarako, formakuntzarako eta ekintzetarako erreferentzia gunea izan nahi dugu». Gunera gerturatzeko eta ezagutzeko deia egin diete astigartarrei. 

Heldu da, astigartarrek hainbeste denboran itxaron duten egun berezia, gaur da Emakumeon Etxearen inaugurazioa. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera irekierari ekitaldi nagusiarekin. Jarraian, Klown Pantxineta  ikusteko aukera izango dute astigartarrek, Saioa Aizpuruaren eskutik. 

Emakumeon etxearen inaugurazioa ospatzeko, batukadak ezin du hutsik egin. Sorginbandak eskainiko du eta giro paregabea jarriko dute. 

Hau amaituta, Petra taldearen kontzertua ere eskainiko dute herritarrentzat, eta Akelarre ikuskizunarekin amaituko da Emakumeon Etxeko inaugurazioa.

Astigarragako Emakumeon Etxea
 Emakumeon Etxea proiektu zabala da, jada herri askotan martxan dagoena, eta Astigarragan ere sortu nahi izan dute; «feminismoa eta parekidetasuna herrian lantzeko espazioa da, eta lan hori da etxearen eginkizun nagusiena, oinarrian emakumeontzat espazio seguru, eroso eta irekia sortzea duela». 
Emakumeon Etxeak azaldu du, herrian hutsune bat zegoela «lan haundia genuen Astigarraga bera feminismoan eta giza eskubideetan oinarritutako herri bat izateko. Hitz potolo hauek sinistu eta gure egunerokoan txertatzea ezinbestekoa da, proiektu honek zentzua izan dezan» azaldu dute. 

Horrez gain, jakinarazi  dute, erreferentzia gunea izatea dela helburu nagusietako bat; «hausnarketarako, formakuntzarako eta ekintzetarako». 

Esan bezala, Emakumeon Etxea «gu guztion etxea da eta denok batera sortu eta zaindu nahi dugu Astigarraga. Amak, alabak, gazteak eta helduak, bertakoak edo beste herrietatik etorritako emakumeak izango dira ongi etorriak. Emakumeon Etxeak zentzua eta indarra horretan baitu, generazio eta jatorri ezberdinetakoak elkartu eta aurrera begirako bidea egitean». 

Azkenik, herritarrei ei bertaratzeko deia egin diete; «gerturatu, ezagutu eta eraiki dezagun denon artean Astigarraga berdintasunean oinarrituz. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!