Maila haundiko jaialdia bihar, Txomiñenen

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 25a, 00:00

Arretxe-Santxez eta Retegi Bi-Azanza ariko dira bigarren partiduan, 17:15etan hasita. Doakoa izango da sarrera.

Hitzordu berezia izango dute Astigarragako pelotazaleek, bihar arratsaldean. Maila haundiko jaialdia prestatu dute, bi partidurekin, 17:15etan hasita Txomi­ñenen. Mundarroko esku pelotariek jokatuko dute aurreneko partiduan; eta bi bikote indartsu ariko dira bigarrenean: Iker Arretxe eta Jokin Santxez asti­gar­tarra, Julen Retegiren eta Ivan Azanzaren kontra. Profesionaletan aritutakoak dira bi aurrelariak, Arretxe eta Retegi. Sarrera doakoa da, baina kiroldegian eta Ikatza tabernan eskatu daitezke aldez aurretik. Ezinbestekoa izango da maskarila jantzita eramatea, frontoira sartzeko.

 

Sei partidu Hernanin, gaur

Gipuzkoako Txapelketak, bestal­de, segida izango du gaur, eta sei partidu jokatuko dituzte Hernanin, kiroldegiko frontoian. Goizean jokatuko dute herriko hiru bikotek, 10:00etan hasita: Jara eta Etxarri jubenilek, eta Pascual-Alberdi eta Iturbe-Azpeitia kadeteek. Arratsaldean, berriz, nagusien mailako beste hiru bikote ariko dira, 16:00etan hasita: Salaberria-Ortiz de Urbina, Altuna oraindik zehaztu ez duten aurrelari batekin, eta Apaolaza eta Lasa.

CD Hernaniko Hodei Exposito astigartarrak, bere aldetik, Joxean Tolosa Txapelketaren finala jokatuko du bihar, arratsaldeko 18:30etan hasita, Amezketan. Frontoi osoan buruz buru jokatzen den txapelketa bakarretakoa da, eta Eneko Labaka tolosarra izango du aurrean, buruz buru espezialista onenetakoa. Partidu zaila izango du Expositok, beraz; baina maila onean aritu da txapelketan, eta badauka txapela janzteko aukerarik.  Astigartarrak Riol bizkaitarra menderatu zuen aurrena, final laurdenetan (22-10); eta Elola gi­puzkoarra kanporatuta zuen on­­doren, semifinaletan (22-17), final haundira sailkatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!