Autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko plataformak proposatutako sinadura bilketan parte hartu duten 1870 herritarrek desadostasuna adierazi dute; «1870 astigartar ez gaude konforme» adieraziz. Izan ere, 1870 sinadura bildu ditu Astigarragako autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataformak, «uztailaren 22an hasi ginen, eta inoizko kopururik haundiena lortu dugu».
Plataformak eskerrak eman dizkie bilketarekin bat egin duten guztiei, herritarrei nahiz bilketan lagundu duten taberna eta saltokiei, eta diote elkarlan ederra izan dela; «guztion artean ozen adierazi dugu ez gaudela konforme». Mugi Astigarraga Plataformaren iritziz, oso kopuru esanguratsua da lortutakoa, «eta garbi erakusten du herritarren ezinegona eta haserrea». Hau kontutan izanik, Mugi Astigarraga plataformak lanean buru-belarri jarraitzeko asmoa dauka.
Bilketari amaiera emateko, plataformako hainbat kidek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurraldeko Antolaketako Departamentuan aurkeztuko dituzte ofizialki herrian bildutako sinadurak.
Irailaren 28an bilera egingo da eta herritarrak gonbidatu ditu, Mugi Astigarragak
Orain arteko lanak balio izan duela argi du Mugi Astigarraga plataformak, baina hala ere, lanean jarraitu beharra dagoela azaldu dute. Horretarako herritarrekin bilera bat antolatu dute; «bilketaren balorazioaren berri emateko eta aurrerantzean eman beharreko pausuak elkarrekin adosteko». Bilera hau, datorren asteartean egingo da, hain justu irailaren 28an. Erriberako areto nagusian egingo da bilera, arratsaldeko 18:00etan hasita.
Astigarragako autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataformak argi ikusten du, besteak beste, honakoa: «BU12 eta BU13 zerbitzuak bi linea desberdin direla, erabiltzaile eta erabilera desberdinak dituztenak».
Horrez gain, aipatu dute zerbitzuan izandako murrizketak onartezinak direla: «bereziki BU12an, eta asteburuetan izandako murrizketak dira onartezinak, kontutan izan behar dugu gero eta herritar gehiago garela».
Geltokiak ere kentzeak, hainbat eragin kaltegarri ekarri dituela aipatu du Mugi plataformak; «kalte zuzena egiten die lehendik ere ahulen diren herritarrei». Eta azkenik, diote, Astigarragak gainerako herriek dituzten zerbitzu berberak merezi dituela, «hala nola, ospitalerako eta unibertsitaterako autobusak».