Aitortza egingo diete zaintzaileei, Harituzek antolatutako atseden eta laguntza tailerretan

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 00:00
Harituzek antolatutako 'Kanona zalantzan jartzen' mahaingurua, Erriberan.

'Zaintzailea zainduz' lelopean, tailerrak egingo dituzte Erriberan, asteartetan, 18:00etatik 20:00etara. Bestalde, plangintza berezia ere antolatu du Harituzek, Skolastikarekin elkarlanean: Udazkeneko kanpalekua.

Zaintzailea zainduz izenburupean, zaintza lana eta zaintzaileak erdigunean jarriko ditu Harituzek. Hain justu, Udalaren babesarekin, laguntza eta atseden tailerrak antolatu dituzte, eta asteartetan jarri dute hitzordua, Erriberan, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. «Zaintzaile diren herritarrei arreta berezia eman nahi diegu Astigarragan eta, horregatik, tailerrak antolatu ditugu zaintzaileentzat», aipatu dute. «Elkartasuna eta laguntza emango diegu eta, horrez gain, beharrak entzun, erantzunak eman eta bakarrik ez daudela ere jakinaraziko diegu».

Dagoeneko, 12 partaideko bi talde osatu direla jakinarazi dute, eta parte hartzeko interesa dutenek, zabalik dute izena emateko epea. Horretarako, deitu 630 678 474 telefono zenbakira, edo, bestela, idatzi helbide honetara:
astiharituz@gmail.com

 

Lau atal landuko dituzte

Asteartero izango dira tailerrak, eta, denera, lau atal landuko dituzte. Batetik, zaintzaileei beraien egoera berean dauden beste pertsona batzuekin elkartzeko eta kezkei zein zalantzei buruz hitz egiteko gunea eskainiko diete. Bestetik, laguntza ematen duten erakundeei buruzko informazioa helaraziko diete, eta horren gaineko zalantzak argitzeko tartea hartuko dute. Gainera, zaintza-trebetasuna landuko dute. Alegia, «janzteko teknikak, gaixoa manipulatzekoak, eta, oro har, hobetzeko erremintak» erakutsiko dizkiete. «Modu horretan, mendekotasuna duten pertsonen beharrak asetuko dituzte eta, beraz, zaintzaileak bere osotasunari eutsiko dio».

Azkenik, zaintzaileen autozainketarako tresnak erraztuko dizkiete Harituzeko kideek. «Horretarako, hainbat dinamika erabiliko dira harreman emozionalak eta arazoak konpontzeko; eta, horrekin batera, komunikazioa lantzeko dinamikak egin eta ongizate fisikoa bermatzeko teknikak ere irakatsiko dizkiegu. Hala nola, estresa kontrolatzeko, autokontrolerako, erlaxazio fisikorako zein psikologikorako».

Hori guztia antolatzearekin batera, aldarrikapenak ere egin dituzte Harituzeko kideek: «tailerrak, ordea, ez dira nahikoa; Udalek, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak baliabide gehiago bideratu beharko lituzkete milaka etxetan egunero sortzen diren zaintzaile berriak identifikatu eta beraien behar ekonomikoei, fisikoei, psikologikoei eta dena delakoei erantzuteko. Bidea luzea izango da, zalantzarik gabe, baina lehen pausoak ematen hasiak gara Astigarragan».

 

Udazkeneko kanpalekuan 6 saio, asteazkenetan

Aipatutako tailerrez gain, Udazkeneko kanpalekua antolatu du Harituzek, Skolastikarekin elkarlanean. Guztira, sei saio eskaniko dituzte, asteazkenetan: bost gaztelaniaz eta bat, berriz, euskeraz. Bi orduko iraupena izango dute, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.

Jardunaldietan parte hartzeko, Erriberara bertaratu daiteke, zehaztutako ordutegian. Bertan ikusiko dituzte hitzaldiak, Skolastikako kideekin Jitsi bidez harremanetan jarrita. Bestela, Skolastikako YouTube kanalean ere jarraitu ahal izango dira. Aukera hori hautatzen dutenei, saioa amaitzean, esteka partekatuko diete. Informazio gehiago behar izanez gero, edo hitzaldietan parte hartzeko, idatzi helbide honetara: astiharituz@gmail.com.

Kanpaleku honen helburua da «emakume asko beregain hartzen dituen gizarte eta literatura fenomenoak ezagutaraztea eta aztertzea». Horretarako, hainbat gai jorratuko dituzte. Besteak beste, maskotak, komikiak, abangoardia, Tokiko 2021 urteko Olinpiar Jokoak, eta beste asko.

Lehenengo saioa gaur izango da: Emakumeak eta abangoardia. Gainerako ekintza guztien modura, arratsaldean izango da, eta bi orduko iraupena izango du, 18:00etan hasita. 

 

UDAZKENEKO KANPALEKUA  Harituz eta Skolastika


GAUR

18:00-20:00 'Emakumeak eta abangoardia'. Online edo Erribera kulturgunean.

Asteazkena, irailak 29
18:00-20:00
'Josturak eta literaturak'. Online edo Erribera kulturgunean.

Asteazkena, urriak 6
18:00-20:00
'Emakumeek emakumeak marrazten dituzte: Biografiak komikian'. Online edo Erribera kulturgunean.

Asteazkena, urriak 13
18:00-20:00
'Maskotak eta literatura'. Online edo Erribera kulturgunean.

Asteazkena, urriak 20
18:00-20:00
'E(ra)gile afroamerikarrak'. Online edo Erribera kulturgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!