Emakumeon Etxeko inaugurazioa festa ederra izango da, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 22a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan hasita, Pantxineta pailazo ikuskizuna, Petra taldearen kontzertua, akelarrea eta batukada feminista izango dira. 

Heldu da, azkenean, Astigarragako Emakumeon Etxea inauguratzeko egun haundia. Larunbat honetan jarri dute horretarako hitzordua, eta festa paregabea egingo dute, 12:00etan hasita. Denetarik izango da, irekiera ekitaldian: pailazoak, musika emanaldia, akelarrea eta Sorginbandaren batukada feminista.


Erosoa, segurua eta irekia

Emakumeon Etxea proiektu «zabala» da, eta herri askotan dago martxan. «Guk ere, Astigarragan sortu nahi izan dugu», aipatu dute Astigarragako Emakumeon Etxeko kideek. «Feminismoa eta parekidetasuna herrian lantzeko espazioa da, eta lan hori da etxearen eginkizun nagusia. Oinarrian du sortzea emakumeontzat espazio segurua, erosoa eta irekia».

Herrian «falta» zen elementua zela uste dute, eta horrexegatik ekin zioten bideari. «Oraintxe dugun erronka haundiena da Astigarraga bere feminismoan eta giza eskubideetan oinarritutako herria izatea», adierazi dute. Hori lortzeko asmotan, ekitaldira bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!