Ibilaldia gaur goizean, Martutenera

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 20a, 00:00

Herrian zehar bizikletak lotzeko euskarri gehiago jarriko direla azaldu du Astigarragako Udalak.

Pasa den astean eman zitzaion hasiera Astigarragako Mugikortasun Asteari gimnasia saioarekin. Asteburuko atsedenaldiaren ostean, gaur jarraipena emango zaio eta asteazkenera arte hainbat ekintza egongo dira astigartarrentzat.

Gaur, goizeko 10:30etan jarri dute hitzordua, Joseba Barandiaran plazan. Bertatik abiatuko dira, eta Martutenera egingo dute ibilaldia. Itzultzean, udaletxeko arkupean pikoteoaz gozatzeko aukera ere edukiko dute ibilaldian parte hartu dutenek. Bihar berriz, bizikletari buruzko mekanika ikastaroa eskainiko da, Astigarragako kultur etxe zaharrean. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitarteko ikastaroa izango da. Hala ere, parte hartzeko, beharrezkoa zen aldez aurretik izena ematea.

Etzi amaituko da Astigarragako Mugikortasun Astea, eta Emakumeen Etxean emango zaio amaiera. Izan ere, emakumeei zuzendutako bizikletari buruzko mekanika ikastaroa eskainiko da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00ak arte. Parte hartzeko beharrezkoa zen izena ematea.

Azkenik, Astigarragako Udalak aditzera eman du herrian zehar bizikletak lotzeko euskarri gehiago jarriko direla; «eta Bidebitarte poligonoko sarrera ibilgailuentzat Donostia ibilbidetik itxita egongo da. Sarrerak Portutxoko biribilgunetik eta Urumea Berritik egingo dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!