Askotxo hitz egin dugu aurreko artikuluetan Astigarragako herriak dituen interesguneei eta herrian egin daitezkeen jarduerei buruz. Santiagomendiko igoeraz gain, ordea, gutxi izan dira atal honetan aurkeztu dizkizuegun mendi-irteerak.
Dudarik gabe, “Astigarragako mugarrien ekialdeko ibilbidea” deritzona litzateke herrian mendi irteera bat egiteko aukerarik aproposena. Hamabi kilometroko ibilaldi borobila osatzen du txango honek, PR-GI-209 bideko markak jarraituz lau ordutan egin daitekeena. Zailtasunari dagokionez, gainera, ertaina da, punturik altuena itsasotik 297 metrora egonik; plan ederra, beraz, asteburuan familian egiteko.
Irteera aurreko atalean aipatutako Murgia jauregitik hasita egin daiteke, udalaren webguneko deskribapenean hasiera puntu gisa “herrigunea” jartzen duen arren. Landagunea eta herrigunea konbinatuz, mugarrien historia, Donejakue Bidea eta Santiagomendiko ermita ezagutu daitezke ibilbide honen bitartez; hamabi kilometroko borobila Txoritokietako mugarrietatik (Errenteriarekin muga egiten duten harriak, alegia), Perurena erretegitik eta Santiagomenditik igarotzen baita, amaiera berriro ere Astigarragako herrigunean egiteko.
Ibilbide hau, halaber, beste hainbat mendi-biderekin gurutzatzen da; aipatutako Santiagomendiko igoera edota San Markoseko gotorlekura doan bidea, kasu.
Udazkenaren ateetan gaudela, aitzakia ederra eskaintzen du ekialdeko mugarrien ibilbideak osterako sagardotegiko txuleta eta bakailao tortilla irabazteko!
ASTIGARRAGAKO UDALAK BABESTUTAKO ATALA
