Martxan da Astigarragako Mugikortasun Astea, osasuna zaindu eta modu jasangarrian mugitzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 17a, 00:00
Bi gazte bizikleta elektrikoekin, duela bi urteko Mugikortasun Astean.

Atzo ekin zioten, gimnasia saioarekin; eta datorren astelehenetik asteazkenera izango dira hurrengo ekintzak: Martutenera ibilaldia astelehenean, eta bizikletari buruzko mekanika ikastaroa asteartean eta asteazkenean.

Mugikortasun Astea ospatuko du Astigarragak, beste urte batez; eta atzo eman zioten hasiera, gimnasia saio irekiarekin. Eta beste hiru hitzordu jarri dituzte datozen egunetan, astelehenetik asteazkenera.

Ibilaldia egingo dute astelehen goizean, 10:30etan Joseba Barandiaran plazatik abiatuta: Martutenera joango dira, bidegorritik. Eta bueltakoan, hamaiketakoa izango dute zain, udaletxeko arkupeetan.

Asteartean eta asteazkene­an, berriz, bizikletari buruzko mekanika ikastaroa eskainiko dute, Bizikume txirrindularien komunitatearen eskutik. Kultur etxe zaharreko tailerrean izango da astearteko saioa, 18:00etatik 20:00etara; eta Emakumeon Etxean egingo dute asteazkenekoa, emakumeei zuzendutakoa, ordutegi berean.

Parte hartzeko, hori bai, aldez aurretik eman behar da izena, eta gaur da azkeneko eguna horretarako: it.ingurugiro@astigarraga.eus helbide elektronikora idatzi behar da. Norberak bere bizikleta eraman behar du.

Ekintza horiez gain, herrian zehar bizikletak lotzeko euskarri gehiago jarriko dituzte egun hauetan. Eta Bidebitarte poligonorako sarrera itxita egongo da ibilgailuentzat: Portutxoko errotondatik eta Urumea Berritik sar­tu beharko dute bertara.

Ekintza eta jarduera guztien helburua da, «osasuna zaindu eta modu jasangarrian mugi­tzea» sustatzea, herritarren ar­tean. Horregatik, eta «parte har­tzeko arrazoi asko» daudela na­barmenduz, mugikortasun jasangarriaren astearekin bat egiteko deia luzatu die Astigarragako Udalak, herritarrei.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!