Epaiketa, 2018an sarde batekin anaia erasotzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 16a, 08:53

Bi anaien arteko liskarra izan zen, horietako batek furgoneta lokatzetan harrapatuta utzi zuelako, baserrian lanean ari zirela. Beste anaiaren haserrea piztu zuen horrek, eta, anaia iraindu zuenez, sardearekin erasotu zuen furgoneta gidatzen zuenak. Donostiako Epaitegian epaiketa izango du orain, homizidioa leporatuta. 

Duela hiru urte gertatu zen guztia, 2018ko azaroan, arratsaldeko 16:30ak aldera, Astigarragan. Lanean ari ziren bi anaiak, baserrian. Bata belarra ari zen mozten, furgoneta baten laguntzarekin. Bestea, berriz, sardearekin belarra ari zen biltzen erremolkean, epaitua izango den anaiatik 150 metroko distantziara.


Sardea sartu zion lepoan eta besoan
Horretan zebiltzala, lehenengo anaiaren furgoneta harrapatuta gelditu zen, ez aurrera ez atzera. Bere anaiarengana hurbildu zen hori, gertatutakoa azaltzeko. Orduan, belarra biltzen zegoenak, hauxe esan zion: «horretarako, hobe zenuen etxean gelditzea». Horren harira, kasua aztertu duen fiskalak dio akusatuaren «haserrea piztu» zuela esaldi horrek. Beraz, «anaiaren bizitzaren aurka erasotzeko asmoz eta aurretik gertatutakoaren ondorioz», hiru hortzetako sardea hartu eta anaiari sartu zion. Puntetako batek besoa zeharkatu zion eta beste biek, berriz, zauriak egin zizkioten lepoan. Gertatutakoaren ondorioz, erasoa jaso zuen gizona hiru egunez egon zen ingresatuta.

Anaia lurrean etzanda eta odolez ikusi zuenean, telefono mugikorrik eskura ez zutenez, akusatuak baserri inguruan paseatzen zebilen gizon bati eskatu zion laguntza. Zerbitzutik kanpo zegoen ertzaina zen hura, eta horrek deitu zuen 112ra. Erasotzaileak gertatutakoa onartu zuen poliziaren aurrean, eta baita sede judizialean ere. Hala ere, erasotua izan zen baserritarrak ez du salaketa jarri nahi anaiarekin aurka.

3 urte eta 6 hilabeteko zigorra eskatu du fiskaltzak
Fiskaltzak, ordea, gertatutakoa homizidio saiakera izan zela uste du, eta hori leporatu dio akusatuari. Gainera, erasoa anaiari egin zioenez, horrek larriagotu egingo du kondena. Edonola ere, gertatutakoa onartu zuen gizonak eta, beraz, atenuantea aplikatuko zaio. Horregatik guztiagatik, fiskaltzak 3 urte eta 6 hilabeteko kondena eskatu du akusatuarentzat, eta etxe berean bizi den anaiarengana ez hurbiltzeko ere adierazi du. Hori horrela, datozen 5 urteetan, 100 metroko distantzia mantentzera behartuko diote. Eta, horrekin batera, 1.100 euroko kalte-ordainak ere eskatu dizkiote, anaiari eragindako sekuelengatik. 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!