Argazki lehiaketa jarri du martxan Astigarragako Udalak, aurten ere, 2022ko udal egutegia osatuko duten 13 argazkiak aukeratzeko. Astigarraga izango da aurtengo lehiaketaren gaia, eta urriaren 1etik 22ra bitartean aurkeztu beharko dira argazkiak.
Horretarako, bi bide izango dituzte aukeran, parte hartu nahi duten herritarrek. Batetik, Erribera kulturgunean entregatu ditzakete, pen drive batean; edo bestela, posta elektronikoz ere bidali daitezke lehiaketarako argazkiak, helbide honetara: astigarraga.kultura@gmail.com. Argazkiekin batera, entrega-orri bat ere aurkeztu behar da, adieraziz izen-abizenak, herria, telefono zenbakia eta adina, adin txikikoa izanez gero. Informazio gehiagorako, telefonoz deitu daiteke: 943 33 50 64.
Edonork hartu dezake parte, baina gehienez ere bost argazki aurkeztu ditzake bakoitzak. Argazkiek horizontalak behar dute izan, eta JPG formatuan entregatu behar dira, 5 eta 8 Mb arteko pisuarekin.
Argazki guztien artean, 13 aukeratuko ditu epaimahaiak, azaroaren 5ean. Horietako bat izango da irabazlea, eta egutegiaren portadan jarriko dute: 150 euroko erosketa bonoa jasoko du egileak, herriko establezimenduetan erabiltzeko. Gainerako 12 argazki finalistak, berriz, hilabete bakoitzerako bana izango dira, eta egileek 80 euroko erosketa bonoa jasoko dute.
Abenduaren 15etik aurrera egongo da eskuragarri egutegia, udaletxean, Erribera kulturgunean eta Astiko merkatarien elkarteko establezimenduetan.