Azparren Trentoko Europeoan, gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 00:00

Xabier Mikel Azparren astigartarra Europako Txapelketan lehiatuko da gaur.

Espainiako Vuelta bikain amaituta, Italian izango du Xabier Mikel astigartarrak 23 urtez azpiko proba, gaurkoan.

Xabier Mikel Azparren astigartarra Espainiako Vueltatik itzuli berri da, eta egun batzuetako deskantsuaren ostean, Trentoko 23 urtez azpiko Europeoan lehiatuko da gaur. Denboraldi bikaina egin du Azparrenek eta Espainiako Vueltak Italiara bidali du egindako lanak. 

Proba gogorra izango da gaurkoa; izan ere, karrera hasi eta txirrindulariek berehala topatuko dute lehenengo portua. Gainera, aurreko hiru astetan izandako karga moldatu beharko du Azparrenek. Dena den, ondo moldatuko dela aurreikusi da, txukun aritzen baita astigartarra horrelako ibilbidetan. 

Xabier Mikelekin batera, selekzioko gainerako txirrindulariak izango dira Ayuso (UAE), Garía Pierna, Igor Arrieta, Pau Miquel (Kern Pharma) eta Marc Brustenga (Caja Rural). 

Europako Txapelketan emaitza ona lortzeaz gain, astigartarrak helburu izango du 23 urtez azpiko Mundialerako postua lortzea selekzioan. Bi aste barru izango da hori, eta lehiaketa horretarako sailkatu ezean, agian, bestelako probaren bat izango du Azparrenek Euskaltel-Euskadirekin. Baina, bestelakoan, amaitutzat joko du aurtengo denboraldia. 

Euskaltel-Euskadiko 4 txirrindulari, Europara 
Trentora, Italiara, Euskaltel-Euskadiko lau txirrindularik bidaiatu dute. Bost egunez, asteazkenetik hasita bihar arte, Europako Txapelketan parte hartuko dute. Astigartarraz gain, lehian izango dira  Idoia Eraso, Eukene Larrarte eta Antonio Soto.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!